Udako oporretan euren seme-alabak euskarazko udalekuetara bidali nahi dituzten gurasoak lagundu asmoz, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak euskara hutsezko udalekuen eskaintzaren berri eman die. Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eskaintza zabala esku-orritan jaso du Euskara Zerbitzuak. Baita AEK-k antolatzen dituen familia-barnetegienak ere. Haur eta gazteak udalekuetara bidaltzen dituzten gurasoek Euskara Zerbitzuan diru-laguntza eskatzeko aukera izanen dute. Mank-en aurrekontua onartu zain, 7.500 euroko diru-poltsa aurreikusi da udalekuetara joanen direnendako. Behin aurrekontua onartuta, diru-laguntza eskaerak iraila bukatu aurretik aurkeztu beharko lirateke.