Donostian Sakanaren turismo eskaintzaren berri ematen

Guaixe 2017ko mar. 17a, 09:32

Donostiako turismo feria, Sevatur, eginen da gaurtik igandera. Nafarroak bere standa izanen du eta han tokia izanen du ibarrak. Alde batetik, Bidelagun turismo elkartea izanen da eta, bestetik, Plazaola turismo partzuergoa. Donostia, Gipuzkoa eta gainontzeko tokietako publikoari Sakanako turismo eskaintza ezagutaraziko diote biek.

Arakilgo Udala kide den Plazaola turismo partzuergoak Donostian sustapen material berria aurkeztuko du. Alde batetik, telefono mugikorretarako eta tabletetarako aplikazioa edo Plazaola app. Bisitariak eta Plazaolaren eremuan bizi direnek baliatu dezakete app-a. Han baliabide, erakargarri, alojamendu, jatetxe, zerbitzu eta bestelakoen berri jasoko dituzte. Horrekin batera, aplikazioak geolokalizazio sistema, albisteak, agenda eta beste ditu. Plazaola hitza jarrita ohiko tokietatik deskargatu daiteke aplikazioa.

Bestetik, Plazaola turismo partzuergoak, Nafarroako Gobernuaren laguntzaz, bere bazkide diren udalen inguruko esku-orri ilustratuak aurkeztuko ditu. Horien artean Arakilgoa. Fiturren aurkeztutako Plazaolako mapa ilustratuaren osagarri izanen dira material horiek. Aurki Plazaolako gida ilustratua aurkeztuko dute.