Asteburukoa jardunaldi gazia izan da preferente mailan dabiltzan talde sakandarrendako. Mutiloabetin lehia oso bizia eskaini zuten Mutilberak eta Etxarri Aranatzek. Hasieran bi taldeei partidan sartzea kosta egin zitzaien, baina 17. minutuan Mutilberako Zabalzak Etxarriren atea zulatzea lortu zuen. Bigarren zatian Etxarri dena ematera atera zen eta Saenzek berdintzea lortu zuen, 48. minutuan. Bi taldeek ekinean jarraitu zuten eta 80. minutuan bigarren gola sartu zuen Mutilberak. Horrela despeditu zen partida eta punturik gabe itzuli ziren Mutiloabeititik etxarriarrak.
Gauza bera gertatu zitzaien lakuntzarrei Lezkairuko Sotoan. Lezkairuren eta Lagun Artearean arteko partida entretenigarria izan zen. Lagun Artea izan zen aurreratu zena, Anderrek sartutako gol bati esker, baina Lezkairuk berdintzea lortu zuen handik gutxira. Dena den, Erdoziak Lezkairukoen defentsa akats bat probestu zuen eta Lezkairuren atea zulatzea lortu zuen. Horrela, 1 eta 2-ko aldearekin joan ziren lakuntzarrak atsedenaldira. Baina atsedenaldia eta gero Lezkairukoak partidari buelta ematera atera ziren eta lortu zuten. Lehendabiziko bina berdintzea lortu zuten eta, azkenean, hirugarren gola, garaipenarena, sartzea. Hortaz, punturik gabe etorri ziren lakuntzarrak.
Bidezarrak jarraitzen du lider (52 puntu). Galdu ondoren Etxarri Aranatz 5. postura jaitsi da (35 puntu) eta Lagun Artea 6. postura (33 puntu). Asteburuan Etxarri Aranatzek Beti Casedano taldea hartuko du eta Lagun Arteak Mutilbera.