Karanbolaren zain

Guaixe 2017ko mar. 21a, 13:15

Elezkanok eta Zabaletak oso konplikatua dute Binakako finalean egotea: Bengoetxea-Larunberi irabazi beharrean daude, sei tanto edo gehiagoren aldearekin, eta Olaizolak eta Untoriak Irribarriaren eta Rezustaren kontra galdu beharko lukete

Horrela daude Jose Javier Zabaleta eta Danel Elezkano, Binakako finalerdietako ligaxkako hirugarren eta azken jardunaldiak zein karanbola ekarriko dituenaren zain.

Izan ere, Binakako Finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldia galdu zuten Elezkanok eta Zabaletak Olaizola II.aren eta Untoriaren kontra (22 eta 15). Partida erdira arte parez pare aritu ziren bi bikoak. Jokoan asko zuten, finalera sailkatzeko puntu baliagarria lortzea, eta arduraz aritu ziren bi bikoak. Atzeko koadroetan ikusgarri aritu ziren Zabaleta eta Untoria. 8 eta 11 aurreratu ziren Aspekoak. Zabaleta bere eskuarekin errebotea bilatzen saiatu zen, eta Elezkanok Aimar alderik alde mugitzea. Baina Elezkanoren bi pilota beheko koltxoira joan ziren, arazoren bat izan zuen bizkaitarrak eta 13ko berdinketaren ondoren hasi zen Aimar Olaizola gailentzen. Sake eta errematerarekin min asko egin zuen Olaizolak eta gutxinaka aldea ateratzen hasi ziren Asegarcekoak. Zabaleta ere izugarri estutu zuten. Horrela, azkenean 22 eta 15 irabazi zuten Olaizolak eta Untoriak. Beste partidan, Irribarriak eta Rezustak Bengoetxea eta Larunbe hartu zituzten menpean (22 eta 14).

Gauzak horrela, Irribarriak eta Rezustak 2 puntu dituzte, Olaizola II.a-Untoriak eta Bengoetxea VI.a-Larunbek puntu bana eta Elezkano II.ak eta Zabaletak ez dute punturik. Asteburuan finalerdiko ligaxkako 3. Eta azken jardunaldia jokatuko da eta, batzuk gehiago eta beste batzuk gutxiago, denok dute finalerako sailkatzeko aukeraren bat.

Dena zabalik
Zalantzarik gabe, hanka t´erdia finalean dutenak Irribarria eta Rezusta dira. 2 puntu dituzte. Igandean Olaizola II.a eta Untoriari irabazten badiete, finalerako sailkatuko dira. Galduko balute eta larunbatean Elezkano II.ak eta Zabaletak Bengoetxea VI.a eta Larunbe menpean hartuko balituzte, finalerako ere sailkatuko lirateke gipuzkoarrak. Eta, nahiz eta Bengoetxea VI.ak eta Larunbek irabazi, Irribarriak eta Rezustak 11 tanto egingo bazituzten ere finalera sailkatuko lirateke.

Olaizola II.ak eta Untoriak Irribarria eta Rezusta irabazten badituzte finalean egongo dira, koefizienteen batuketa dela eta. Bestetik, finalean egoteko, Bengoetxeak eta Larunbek Elezkano II.a eta Zabaletaren kontra irabazi beharko lukete, eta Olaizolak eta Untoriak galdu beharko lukete. Bukatzeko, finalean egoteko konplikatuena dutenak Elezkano eta Zabaleta dira. Bengoetxea eta Larunberi irabazi behar diete bai ala bai, 6 tantoko aldearekin, eta, horretaz gain, Irribarriak eta Rezustak Olaizola II.a eta Untoria hartu beharko lituzkete menpean. Horrela, finalerako txartela lortuko lukete Elezkanok eta Zabaletak.

Beraz, azkeneko jardunaldi honek erabakiko du dena eta emozioa pil-pil egonen da. Zorterik onena opa diegu Elezkanori eta Zabaletari.

Binakakoa. Finalerdietako ligaxkako 3. jardunaldia
Bengoetxea VI.a-Larunbe / Elezkano II.a-Zabaleta (larunbatean, 17:45ean, Labriten. ETB1)
Irribarria-Rezusta / Olaizola II.a-Untoria (igandean, 17:00etan, Bizkaian. ETB1)

Martija ez da Zilarrezko finalean egongo
Arteaga II.ak eta Erasunek Peña II.aren eta Salaberriren kontra jokatuko dute Zilarrezko Binakako finala, Tolosan, apirilaren 1ean. Errandoneak eta Martijak  finalerdietako ligaxkako partida guztiak galdu zituzten, eta ezin izan dute finalerako sailkatu. Azken partidan, larunbatean, Errandonea ordezkatu zuen Gorkari eta Martijari 10 eta 22 irabazi zieten Peña II.ak eta Ibai Zabalak.