Altsasuk XXX. Nafarroako Kirol Jokoen 3. jardunaldia hartu zuen igandean. Kimuen, haurren eta kadeteen proba konbinatuak jokatu ziren eta, ondoren, haur eta kadete mailako sokatira probak. Sakanako Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletatik sortutako makina bat taldeez gain, Berriozar, Baztan, Araitz-Betelu, Igantzi, Ultzama, Betelu, Ibero eta Antsoaingo taldeak lehiatu ziren. Eguzkia lagun, jende asko bildu zen proba segitzera eta giro bikaina izan zen.
Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastolek sekulako maila eman zuten. Kimuen mailako proba konbinatua, esaterako, Andra Mari 4 taldeak irabazi zuen, Haur mailako proba konbinatua Iñigo Aritzak eta kadete mailako proba konbinatua, aldiz, Araberrik. Sokatiran, haurren mailako A multzoan Basaburua gailendu zen eta B multzoan Iñigo Aritza, eta kadete mailako sokatiran Basaburua izan zen finena.
Sailkapen orokorra
Orain arte Ororbian, Betelun eta Altsasun jokatutako hiru jardunaldiak kontuan hartuta, sailkapen orokorrean kimuen proba konbinatuan Andra Mari 4 da lehena. Sakanako gainontzeko taldeei dagokienez, Andra Mari 1 bigarrena da, Iñigo Aritza 2 hirugarrena, Andra Mari 3 laugarrena, Andra Mari 2 bosgarrena, Andra Mari 5 zazpigarrena, Andra Mari 7 bederatzigarrena, Andra Mari 6 hamabigarrena, Iñigo Aritza 3 hamabosgarrena, eta Iñigo Aritza 1 hemezortzigarrena.
Haurren mailako proba konbinatuan Araxes da liderra. Iñigo Aritza bigarrena da, Andra Mari 2 hirugarrena, Andra Mari 3 seigarrena eta Andra Mari 1 bederatzigarrena. Eta kadeteen mailako proba konbinatuan Basaburua da liderra. Andra Mari hirugarrena da.
Sokatiran, haur mailako A multzoan Basaburua da lehena (14 puntu) eta Andra mari 3 bigarrena (12,5 puntu). Haur mailako B multzoan Iñigo Aritza da buru (15 puntu), Andra Mari 2 bigarrena da (12 puntu) eta Andra Mari 1 hirugarrena (9 puntu). Eta kadeteen sokatiran Basaburua doa lehena (8,5 puntu). Andra Mari hirugarrena da (4,5 puntu).
XXX. Nafarroako Kirol Jokoen 4. jardunaldia igandean jokatuko da, 11:00etan, Berriozarren.