Binakakoak beste final bat biziko du finalerdietako ligaxkan. Izan ere, asteburu honetan erabakiko da zein bi bikotek jokatuko duten txapelketa honetako final preziatua. Finalerdietako ligaxkako azken partidan, larunbatean Elezkano ordezkatuko duen Jakak eta Zabaletak Bengoetxea eta Larunbe izango dituzte aurkari, eta Irribarriak eta Rezustak Olaizola II.ari eta Untoriari egingo diete aurre.
Asteazken goizean egin dute material aukeraketa Erik Jakak, Jose Javier Zabaletak, Oinatz Bengoetxeak eta Larunbek. Danel Elezkanoren ezker eskuak osatu gabe jarraitzen du –eskuan zauri txikia du, eta, ondorioz, eskua hazita eta minberatua– eta Zaratamokoak uko egin behar izan dio Binakako Finalerdietako ligaxkako 3. jardunaldia jokatzeari. Txapelketan barna beste hiru partidatan gertatu den bezala, Erik Jakak ordezkatuko du Elezkano. Finalera sailkatzea oso zaila izan arren –Jakak eta Zabaletak Bengoetxea eta Larunbe 11 tantotan utzi beharko lituzkete eta Irribarriak eta Rezustak Olaizola II.a eta Untoria irabazi beharko lituzkete– ez da ezinezkoa eta, beraz, Jakak eta Zabaletak partida erabakigarria dute larunbatean Labriten.
Aukeratutako pilotekin konforme daude pilotariak. Jakak eta Zabaletak Etxarrengo atzelariaren gustukoak aukeratu dituzte. “Sei pilotak politak dira jokatzeko, beraienak azkarragoak dira, gureak lasaiagoak, baina guztiak onak. Igual errematatzeko besteenak hobeak dira, gantxoak eta egiteko, baina guk hautatutakoak ere gustatzen zaizkio Jakari. Ni saiatuko naiz gure pilotekin ongi ibiltzen eta dominatzen. Pena da Danel partida garrantzitsu honetan ezin egotea, baina Jaka partida erabakigarri hau jokatzeko pilotari ona da. Ea nolako partida ateratzen zaigun. Itxaropena dugun? Saiatuko gara. Larunbatean dena ematera aterako gara eta ea zortea alde dugun, eurak partida ona egiten ez duten eta guri egun borobila ateratzen zaigun. Ea hala den” azaldu du Zabaletak.
Jakak onartu du arerioen pilotak gustukoago dituela, baina Zabaletari komeni zaion materiala hautatu dutela. “Gure bikotearen zama Josek eraman behar du, eta bera eroso egotea, gozatzea eta agintzea da garrantzitsua. Ea agintzea lortzen duen eta ni sor daitezkeen aukerak aprobetxatzeko gai naizen. Hori izango da gure jokoa, Joseren jotzea eta agintea probestu eta aurrean errematatzen saiatzea. Partida hau beste final bat da, eta zaila dugu. Gauzak ongi egiten saiatuko gara, irabazten saiatuko gara” nabarmendu du Jakak.