Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Bocalan Biak Bat fundazioak hitzarmena sinatu dute

Josune Azpiroz eta Javier Paz hitzarmena sinatu berritan. Argazkia: Berenda mendebaldeko OGZ.

Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateko buru Javier Pazek eta Bocalan Biak Bat fundazioko Josune Azpirozek hitzarmena sinatu dute. Pazek azaldu duenez, Lau zango mila irri txakurrekin lagundutako terapia saioetan parte hartu eta baliabide gutxi dituzten hiru herrietako familiei diru-laguntza emanen zaien hitzarmen horren bidez. “Familiek ordaindu beharko luketenaren %90 arte hartuko du bere gain mankomunitateak”. Horretarako, aurten 5.000 euroko aurrekontua dutela jakinarazi du.

Azpirozek gogorarazi du garapenean zailtasunak dituzten haur eta familiei zuzendutako animaliek lagundutako terapia programa bat dela Lau zango mila irri. Euren Altsasuko egoitzan egiten dute. Profesionalekin lortzen ez duten konfiantza maila lortzen dute haurrek animaliekin. Kasu honetan txakurrekin. Umeak ez dute terapia bat bezala ikusten “txakurrarekin jolastera” joaten direlako, eta horrek motibazioan laguntzen du. Animaliekin motibazioa lantzen dute gehien bat. Haurrek txakurraren bidez jasotzen ditu eskaerak, eta txakurrarekin jolasten duenez, modu naturalean egiten ditu gauzak. Terapia osagarria da kasu gehienetan, baina ez du horrela izan beharrik.

Erlazionatuak