Jose Javier Zabaleta etxarrendarrak eta Danel Lezkano ordezkatu zuen Erik Jakak ezin izan zuten larunbatean Oinatz Bengoetxea eta Larunberen kontrako partida irabazi. Binakako finalean egoteko, Bengoetxea eta Larunbe menpean hartzeaz gain, gutxienez 11 tantoko aldea ateratzea zuten beharrezkoa Zabaletak eta Jakak, eta, horretaz gain, Irribarriak eta Rezustak Olaizola eta Untoria menpean hartzea. Helburu oso konplikatua, baina ez ezinezkoa.
Ongi hasi ziren Jaka eta Zabaleta, dominatzen. Aldea ere hartu zuten, 7 eta 10, 8 eta 13 eta 11 eta 16, baina Bengoetxeak eta Larunbek euren hamabigarren tantoa egiterakoan, 11 tantoko aldea jada ezingo zutela lortu ikusterakoan, moralki behera egin zuten Jakak eta Zabaletak. Horrela, min egiteko aukera baliatu zuten Bengoetxeak eta Larunbek eta, azkenean 22 eta 17 gailendu ziren. Zabaletak eta Jakak partida galdu eta agur esan zioten txapelketari. Final handia apirilaren 9an jokatuko da, Bilbon eta Irribarriak eta Rezustak Bengoetxea VI.a eta Larunbe izango dituzte aurkari.