Ongayk eta Bergerak garaipena ekarri dute Irurtzunera

Guaixe 2017ko mar. 27a, 11:45
Alberto Ongay, Migel Beraza, Irurtzun klubekoa, Iosu Bergera eta Iban Azanza, ordezkoa. Argazkia: Utzitakoa.

Espainiako Kluben Arteko Ohorezko Mailako Pilota Txapelketetako Binakakoa irabazi du Irurtzunek, Errioxako San Cosmeri irabazi eta gero

Asteburuan Espainiako Kluben Arteko Ohorezko Mailako Pilota Txapelketetako finalak jokatu ziren Madrilen, Colmenar Viejon. Eskuz Binakako finalean Irurtzun kluba Errioxako San Cosme klubaren kontra aritu zen.
Alberto Ongay satrustegiarrak eta Iosu Bergera arruazuarrak ordezkatu zuten Irurtzun, eta San Cosmeko Xabier Urbieta eta Ignacio Matute izan zituzten aurkari. Finala jokoetan erabaki zen. Partida oso estuan, lehen jokoa 10 eta 9 irabazi zuten Ongayk eta Bergerak. Bigarren jokoan ere sakandarrak gailendu ziren, 10 eta 7, eta Espainiako Klubetako Ohorezko Mailako Eskuz Binakako Txapelketa irabazi zuen Irurtzunek, meritu handiz.

Sakandarrak Josetxo Ezkurra Memorialean
Asteburuan Josetxo Ezkurra Memorialeko partidak jokatu dira, lau t´erdian. Sakanako klubetako pilotariek jokatutako partidei dagokienez, kimuen mailan Jokin Askaraik (Lapke) 18 eta 10 irabazi zion Asier Baztarrikari (Aldabide) eta kadeteetan, aldiz, Lopez de Zubiria (Gure Pilota) 9 tantotan utzi zuen A. Argaluzak (Kurene).