Aitor Alberdiren lehen garaipena

Guaixe 2017ko mar. 29a, 11:14

Burlatako 27. Beola Motor trofeoko lehen urteko kadeteen lasterketa irabazi zuen Aralar Txirrindulari Taldeko arbizuarrak

Igandean, Burlatan, 27. Beola Motor Trofeoa jokatu zuten kadeteek, bi mailatan banatuta: lehen urteko kadeteak eta bigarren urteko kadeteak. Lehen urteko kadeteen proban, laukote bat iritsi zen helmugara eta esprint estuan Aralar Txirrindulari klubeko Intersport-Irabia taldeko Aitor Alberdi arbizuarra gailendu zen (1:14:49). Burundako Quesos Albeniz taldeko Unai Aznar hirugarrena sailkatu zen, denbora berean. Irabiako Igor Arrieta bosgarrena sailkatu zen, 16 segundora, eta Quesos Albenizko Iker Mintegi 19.a sartu zen, 1:30era.

Kadeteen 2. urteko lasterketa Six2 taldeko Alejandro Robertok irabazi zuen, esprintean (1:38:18). Interport Irabiako Inhar Astiz 8.a sailkatu zen, 1:04ra. Quesos Albenizko Unai Villalobos 11.a sartu zen eta Irabiako Urko Gorriti 24.a.

Juniorrak Tafallan, elurpean
Larunbatean, elurrak, euriak eta haizeak izugarri gaiztotutako lasterketan aritu ziren juniorrak Tafallan. 84 txirrindularik hartu zuten irteera eta soilik 14k lortu zuten proba bukatzea. Toyota Armentia taldeko Joseba Lopez iritsi zen bakarrik helmugara (2:04:10). Interport Irabiako Josu Etxeberria 7.a sartu zen, 3:03ra, juniorren lehen urteko bigarrena. Bere taldekide Beñat Etxezarreta 13.a sailkatu zen, 6:29ra.



Emakumezkoak: Maiza eta Beraza Deban eta Aramendia Belgikan
Emakumeen I. Debako Saria Kadeteak proba Gipuzkoa taldeko Garazi Estevezek irabazi zuen, esprintean. Nafarroa Ermitagaña taldeko Leire Maiza 25.a sailkatu zen, denbora berean, eta bere taldekide Maria Beraza 37.a.
Bestalde, CAF Turnkey Engineering taldeko Maialen Aramendia iturmendiarra Belgikan izan zen, igandean jokatutako Gent-Wevelgem klasikoan lehiatzen. Lasterketa oso azkarra eta urduria, Maialenek ez zuen proba despeditzea lortu.

Afizionatuak
Altro taldeko Eduardo Llacerrek irabazi zuen Lehendakari Txapelketarako baliagarria zen Gorlako igoera. Rural Kutxako Alvaro Cuadros bigarrena sailkatu zen, Mauricio Moreira bosgarrena eta Carlos Cobos zortzigarrena.