Herri eskolekin, festa!

Guaixe 2017ko mar. 31a, 14:46

Larunbatean, 11:00etatik aurrera, Lakuntzan.

Lakuntzako Luis Fuentes eskolako guraso elkarteak, zuzendaritzak eta udalak biharko guztia prest dute. Izan ere, Lakuntzak bigarrenez Sakana herri eskolekin Sortzen festa hartuko baitu. Ospakizunak Hazi eta hezi, euskaraz bizi leloa du. Zazpigarren edizioak, aurrekoak bezala, hiru helburu ditu: Sakanan sare publikoan euskal hezkuntza eskaintzen duten ikastetxeak ezagutzera eman; ibarreko herri eskolen hezkuntza komunitateen arteko harremana sustatzea eta estutzea eta, azkenik, eskualde komunitate gisa, elkartu eta jai giroan egun polit bat pasatzea.

Aurreko edizioetan bezala, haurrendako tailerrak izanen dira festako zutabe nagusia. Eskola bakoitzeko guraso elkarteak tailer bana antolatu dute. Guztiak ere birziklatzea dute ardatza. Bestalde, Lakuntzako eskolan joan den urtean gurasoek sortu zuten kantaren doinura ospakizuneko parte hartzaile guztiak dantzan jarri nahi dituzte. Luis Fuentes ikastetxeko ikasleek kantuaren koreografia sortu dute eta beste eskoletara pasa dute. Guztiek flash-mob-a grabatuko dute.  Bazkaltzera 465 bat pertsona elkartuko dira.

Egitaraua
11:00etan Birziklatze tailerrak, ibarreko eskolako bana.
12:00etan Harrera
12:30ean Buruhandiak eta erraldoiak.
13:00etan Postreen eta Jokin Alegriak egunean margotutako koadroaren zozketak.
13:30ean Flash-mobaren grabazioa.
14:00etan Danborrada, plazatik frontoira, birziklatze tailerreko danborrekin.
14:30ean Herri bazkaria.
15:00etik 17:00etara Puzgarriak.
17:00etan Eskolen ikuskizuna
18:00etan Txokolate-jana
18:00etan Dantzaldia Xaiborrekin.
19:30ean Zezensuzkoa.

Autobus geltokia
Festa dela eta autobusak Sakanako Mankomunitatearen egoitzaren parean geldituko dira larunbatean.