Navarra Wind Energy Consortia (Naweco) energia berriztagarrien arloko 7 enpresa nafarrek osatutako partzuergoa da, 2012an sortua. Tartean hiru enpresa sakandar daude: Uharte Arakilgo Laneko, Lakuntzako Industrial Barranquesa eta Altsasuko Jatorman. Guztiak haize-sorgailuen fabrikazioen fase desberdinetan aritzen dira eta euren sektoreetan oso egonkortuta dauden enpresak dira. Bada, Naweco partzuergoak eta Euskal Herriko Energia Clusterrak elkarlan hitzarmena sinatu dute, sektore eolikoan ekimen bateratuak egiteko. Helburua interes amankomunak, sinergiak eta sortu daitezkeen proiektu posibleak identifikatzea da, bi entitateak osatzen dituzten enpresendako onuragariak izan daitezen eta enpresa hauek sektore eolikoan konpetitiboagoak izateko eta nazioartean duten posizionamendua hobetzeko.
Nawecok eta Clusterrak bi erakundeen eta euren enpresen elkar ezagutza indartzeko ekintzak sustatuko dituzte eta garapen teknologiko, nazioartekotze eta formazio areatan kooperazio aukerak aztertuko dituzte, modu jarraituan.