Alderdiaren birfundazioa despeditu zuen Sortuk ilbeltzean. Nazio kontseilua eta Nafarroako kontseiluak barne hauteskunde bidez hautatu zituzten eta orain Sakanako militanteek ibarrari dagokion hausnarketa eginen dute. Osteguneko batzarrean hurrengo hilabeteetan jorratuko dituzten ildoak eta datorren kurtso hasierarako epe ertain-luzerako lan ildoak finkatuko dituzte. Sakanan Sortuk izanen duen antolaketa eredua ere aztergai izanen da.
Ibarreko prozesua despeditu ondoren, antzeko prozesua eginen dute herriz herri, tokiko kontseiluak eratuz eta alderdikideen, Sortzaileen, batzarrak deituz. Kreditatutako 217 sortzaile daude Sakanan baina kreditatu ez eta Sorturen egitasmo eta ideologia-oinarriekin ados daudenak parte hartzeko aukera izanen dute.
Bestalde, Nafarroako Sortuk zuzendaritza aukeratu zuen martxoaren 25ean. Eskualde guztiak ordezkatuta daude hartan eta Sakanakoa Unai Razkin irurtzundarra izanen da.