Giro bikaina Sakanako herri eskolen Sortzen festan

Guaixe 2017ko api. 3a, 15:36

Lakuntzak Etxarri Aranazko eskolari lekukoa pasatu zion eta 2018an beraiek antolatuko dute festa

Eguraldiak ez zuen gehiegi lagundu, baina Sakanako Herri Eskolen Sortzen festa arrakastatsua izan zen. Lakuntzako plazan karpa bat jarri zuten eta bertan burutu ziren festako ekitaldi nagusienak. Sakanako eskola bakoitzak bere eskulan tailerra prestatu zuen, eta, horretaz gain, ikuskizunak bata bestearen atzetik etorri ziren. Hurrengo urteko festa antolatzeko arduraren lekukoa lakuntzarrek etxarriarrei pasa zieten. Lip-dub jendetsua dantzatu zuten eta, birziklapen tailerrean egindako danborrekin danborrada egin zuten bildutako guraso eta neska-mutilek. Bazkaltzera 400 pertsonatik gora bildu ziren eta arratsaldean eskoletako neska-mutikoen koreografiekin gozatzeko ordua iritsi zen. Bukatzeko, Xaiborrek euriaren gainetik dantzan jarri zituen bildutako guztiak.