480 mendizale Hiru Mendi Zerretan

Maider Betelu Ganboa 2017ko api. 3a, 16:11

Altsasuko Mendigoizaleak taldean kontentu daude guztia ongi atera zelako

Udaberriko eguraldia izan zuten larunbatean Altsasuko Mendigoizaleak taldeak antolatutako X. Hiru Mendi Zerrak ibilbidean parte hartu zuten 480 mendizaleek: hotza, tarteka eguzkia eta euria. Denetarik. “Azkenean eguraldia, goiz partean behintzat, ez zen horren txarra izan. Eta martxa oso ongi joan zen” adierazi digu Altsasuko Mendigoizaleak taldeko Fernando Bengoetxean.

Mendizaleek bi ibilbideren artean hautatzeko aukera zuten: Hiru Mendi Zerrak, ohiko ibilbidea (48 km, 2.700 m desnibel metatua) edo ibilbide laburra (26 km, 1.200 m desnibel metatua). Gehienek ibilbide luzearen aldeko hautua egin zuten. Altsasuko proba ez lehiakorra Nafarroako eta Euskadiko mendi federazioen iraupen luzeko ibilaldien zirkuituetan sartuta zegoen.

Goizeko zazpietan abiatu ziren guztiak, Gure Etxeatik. Urdiainera jo zuten, Portuazpitik Urbasa-Andiako bargara igo eta Bargagain gurutzeraino igotzeko (1.160 m). Handik aurrera egin zuten eta Ziordiko portutik jaitsi ziren Ziordira. Bertan primerako auzatea zuten zain. Hainbat elikagaien artean, basurde gisatua dastatzeko aukera izan zen.

Ibilbide laburra aukeratu zutenak partzelarietatik barna Altsasura iritsi ziren. Aldiz, ibilbide luzekoek Altzaniako mendietara jo zuten. Kipular igo zuten lehenik, Orobeko antzinako harrobitik jaisteko. Ondoren Sorozarreta jaitsi ziren eta segidan Balankaleku eta Intxusburu igo zituzten, Aralarren sartuz. Handik jaitsi ziren, Sarabetik, eta San Pedro eta Basoitxitik barna Altsasura iritsi ziren. Izan zen ere Sorozarretara iritsi eta gero Altsasuko helmugako bidea hartu zuenik, Dorretxikitik buelta eman eta gero, ibilbide alternatibo batean.

“Aurten Intxusburutik berritu duten galtzadatik jaitsi ziren mendizaleak. Eta izugarri gustatu zaiela aipatu ziguten” gaineratu du Bengoetxeak. Ibilbidean barna 5 hornidura edo kontrol gune zeuden eta guztia antolatzeko 50-60 boluntario aritu ziren lanean. “Antolakuntzan ongi ibili gara eta ez da aparteko arazorik egon. Oso kontentu gaude ibilbideak izan duen martxarekin. Hurrengo urtean, gehiago” anbarmendu du Bengoetxeak.

Hurrena, Sakanako Ibilaldia
Irurtzungo Iratxo elkarteak apirilaren 29an antolatuko du 28. Sakanako Ibilaldia. Hiru ibilbideren artean aukeratu daiteke: luzea (54,3 km), motza (27,6 km) eta txikia (14 km). Izena ematea zabalik dago: www.zirkuitua.com eta www.iratxoelkartea.com.