Sakanako Mankomunitateko Immigrazio Zerbitzuko teknikari Bego Zestauk zerbitzuko iazko sentsibilizazio kanpainaren balorazioa eta aurtengo kanpainaren aurkezpena egin zuen asteartean Mank-eko egoitzan, Lakuntzan. Alboan Nahia Urkia, zerbitzuan praktiketan dagoen gizarte langilea eta Sakanako ikastetxeetako ordezkariak eta ikastetxeetako guraso elkarteen ordezkariak izan zituen. Izan ere, aurtengo kanpainako adar bat ikastetxeetan gauzatuko da.
Iazko kanpainaren balorazio bikaina
Sakanako biztanleen %8 etorkinak dira. Bego Zestauk gogora ekarri zuen aurreko urtea, 2016a, Immigrazio Zerbitzuko sentsibilizazio kanpainaren bigarren urtea izan zela. “Gure leloa, Maite dut aniztasuna, berdintasuna, errespetua eta diskriminazio eza, are gehiago hedatu genuen. Txupinazo guztietan egon zen presente gure kanpaina, gure leloa duten kamisetak saldu genituen, eta, horretaz gain, ekimenari bere babesa ematen zieten sakandarrei argazkia atera genien, Sakanako hainbat festa eta ekitaldietan. 300 argazki inguru. Gure ekimenarekin konpromiso pertsonalagoa lortu nahi genuen. Helburua Guaixeko bi orrialde zentraletan argazki horiek guztiak jartzea eta gure mezua zabaltzea zen” azaldu zuen Zestauk. Sakana Fundazioak, Lacturalek, Sapremek eta Sapak ekimena babestu zuten. “Beraiek izan ziren gure babesleak eta diru pusketa bat geratu zitzaigunez, kartelak inprimatu genituen sinatzaileen argazkiekin. Eta toki publikoetan jarri ditugu kartel horiek, gure mezua indartzeko. Ikastetxeetan, udaletxeetan, osasun zentroetan, kultur etxeetan… eta hainbat tokitan daude” gaineratu zuen immigrazio teknikariak. Horrekin batera, Iker Uribe Etxeberria diseinatzailearekin harremanetan jarri ziren eta Lakuntzako artistak hiru mural margotu ditu Irurtzunen, Uharte Arakilen eta Lakuntzan, hiru herrietako ikastetxeetan, hain zuzen ere enpresa babesleak dauden herrietan. Mural horietan sentsibilizazio kanpainako leloa ageri da, 6 hizkuntzatan, euskaraz, gazteleraz, woloferaz, arabieraz, errumanieraz eta bulgarieraz.
Kanpaina berria: balorez jositako aterkia
Aurtengo sentsibilizazio kanpainarako, immigrazio zerbitzuaren leloari buelta bat eman diote. “Beste pausu bat eman dugu. Maite dut aniztasuna, berdintasuna, errespetua eta diskriminazio eza gure leloari beste esaldi bat gehitu diogu: Zurrumurruen jasari, baloreak aterki. Izan ere etorkinen inguruan makina bat esaldi, zurrumurru eta uste barreiatzen dira, egiak ez direnak. Eta zurrumurruen kontrako arlo hori landuko dugu. Horrela, aterkiaren figurarekin jokatu dugu. 3 urteko ikasleei, ikastetxeetan hasi berriak direnei aterki bat oparituko diegu, aterki koloretsu bat, aipatu mezua edo eslogana duena. Txintxilikario bat gehitu diogu aterkiari, gurasoei zuzendutakoa. Bertan, eslogana agertzen da, sei hizkuntzatan, eta iazko kanpainan Pirritxek eta Marimototsek gure kanpainarako bideoan emandako mezua, euskaraz eta gaztelaniaz” azaldu zuen Zestauk.
“Aterki edo paragosa honek zurrumurruen aterki izan nahi du, zurrumurruen jasen aurrean gure baloreak hau da, aniztasuna, berdintasuna, errespetua eta diskriminazio eza, gure aterki izan daitezen. Zurrumurruen izpiek itsutu ez gaitzaten” zehaztu zuen Zestauk. 250 aterki banatuko dira Sakanako ikastetxeetan barna.
Horretaz gain, gazte eta helduei bideratuta mezu berbera duten pegatinak atera dira, sei hizkuntzatan, festa giroan, txupinazoetan… eta halakoetan jar ditzaten. Toki estrategikoetan utziko dira.
Aurkezpen ekitaldira Sakanako ikastetxeetako ordezkariak eta guraso elkarteen ordezkariak gonbidatu zituzten. “Ikastetxe guztietakoak daude hemen, eta gu oso pozik gaude. Orain, beraiekin adostu beharko dugu noiz egin aterkien eta materialaren banaketa” aipatu zuen Zestauk. Ikastetxeetako ordezkariek eta gurasoek, bere aldetik, Immigrazio Zerbitzuak egiten duen lana eskertu zioten Bego Zestauri eta aterkiena “oso ekimen polita” zela adierazi zuten.
Zurrumurruen kontrako Nafarroako sarea
Bego Zestauk adierazi zuen Nafarroan zurrumurruen kontrako sarea sortzen ari dela eta Sakanako Mankomunitateak bertan parte hartuko duela, Immigrazio Zerbitzuaren bidez. “Beraz, edozein zurrumurru edo kezka baduzue bideratu zerbitzura eta guk eramango genuke sarera, nola landu eta beste ikusteko”
Sakana Harrera Harana sortzeko bilera larunbatean Irurtzunen
Immigrazio Zerbitzuaren aurtengo sentsibilizazio kanpainaren aurkezpena probestu zuten Sakana Harrera Harana taldea sortzeko bidean, larunbatean goizeko 10:00etan Irurtzungo kultur etxean egingo den bileraren berri emateko. “Martxoaren 11n lehen bilera egin genuen Mank-en, 11 lagunek. Sakanan errefuxiatuen egoerak kezkatuta gauden pertsonak bildu ginen, batzuk hainbat taldetan kolaboratzen dutenak. Bi lan lerro landu behar direla hitz egin zen: maila instituzionalean lantzekoa eta herri mailan, Sakana Harrera Harana sortzea. Proiektu pilotua da, ea zer ateratzen den. Sakana errefuxiatuendako harrera harana izatea da azken helburua. Dagoen sinergia aprobetxatu nahi dugu bilera egiteko” azaldu zuen Nahia Urkiak.
Izan ere, aurreko igandean Irurtzunen bigarren eskuko azoka antolatu zuen Itxipuruk, bildutakoa Help-Na Larrialdi Humanitarioetarako Nafarroako Suhiltzaile taldeari emateko. “Talde honek Grezian eta Belgraden dauden errefuxiatuendako kanpamenduetan lan egiten du. Elikagaiak banatu, prebentzioa landu… denetatik egiten dute. Bidaiak, egonaldiak norberak ordaintzen dituzte eta jasotzen dituzten diru ekarpenak, zuzenean, errefuxiatuendako kanpaldietan bideratutako lanetara doaz. Zinez ziurtatzen dut hori, bertan egon naizelako” gaineratu zuen Zestauk.
Larunbatean, Irurtzunen, errefuxiatuen aldeko pintxo potea, dokumentala, afaria eta beste
Larunbatean, 21:00etan, Help-Na taldearendako dirua jasotzeko afaria antolatuko du Itxipuruk eta testuinguru hori aprobetxatuta egingo dute larunbateko Sakana Harrera Harana sortzeko bilera. Horretaz gain, 12:30ean pintxo-pote-vermuteo solidarioa antolatu dute Pikuxarren eta Plazaolan –ticketak salgai daude, 2,5 eurotan, Zabaleta harategian, Iriarte urdaitegian, Coviranen, Mari izoztuen dendan, Ekodenda belardendan eta aipatu bi tabernen atarian– eta 19:30ean, Iratxon, errefuxiatu kanpaldietan grabatutako Just People dokumentala ikusteko aukera izango da, boluntario batek grabatutakoa.