Israelgo futbol selekzioa Xixonera joan zen orain bi aste Espainiakoaren aurka lehiatzera eta honekin batera sionismoaren auzia nabarmendu da berriz. Xixongo udalak adierazpen instituzional bat egin zuen eta manifestazioak antolatu ziren horren harira.
Madrilgo gorteetan ere kontu honek oihartzuntxorik izan zuen eta nolako nahasbidea dagoen entzun ahal genuen Girauta diputatuaren ahotik: “ Xixonen gertatzen ari dena antisemitismoaren aderazpide bat da”. Bada, ez. Izatekotan Girauta jaunaren ezjakintasunaren adierazpidea da.
Munduko hainbat judu XIX. mendearen amaieran lurralde batean kokatzeko ametsa eta helburua lantzen hasi ziren eta horren ondorioz 1950ean Israelgo estatua sortu zen, arraza eta erlijio judutarraren supremazismoa gidari. Geroztik badakigu nolako amaigabeko gatazka (ia globala) ekarri duen Israelgo estatu honek eta zenbateko sumindura palestinarren artean.
Egiaren aitortzera, 1950 baino lehenago ez ziren gutxi asmo honen kontra mintzatu ziren judutarrak: Einstein, Zammnenhof, Freud, Fromm… Gauza jakina da New Yorken bizi diren judu ultrakontserbadore dexentek ere estatu horren izatea deitoratzen dutela zinez. Baita Chomsky bezalako intelektual ezkertiarrek ere.
Sionismo modernoak etekin galanta atera du Auschwitz, Birkenau nahiz Mathausendik, Zisjordanian eta Gazan gertatzen ari direnak defendatzeko, baina Polonia eta Alemaniako akabatze-eremuetatik bizirik ateratako batzuek ere gogor salatu dute Israelgo estatuaren funtsa.
Halaber, egia da judutar kritiko hauek gutxiengo garbia direla munduko judutarren artean baina argi erakusten dute israeldar supremazismo eta appartheid-arekin bukatzeko premia.