Gaurkoa ez da pentsioetaz idazten dudan lehendabiziko aldia, baina egoerak behartzen nau gaia errepikatzera. Krisiaren hasieratik jabetu ginen ongizate soziala kolokan zegoela eta pentsioekiko eragina kezkagarria gertatuko zela, eta horrela izan da. Urtero %0,25 igotzeko erabakia hartu zutenean eraso bortitza egin zioten pentsioei, gogoratu aurten % 3 igo dela KPI (Kontsumorako Prezioen Indizea).
Ondorio kezkagarria: pentsioen erosmen ahalmenak beherakada nabarmena egin du. Pentsioen diruarekin ere nahi duena egin du Gobernuak eta ia- ia hutsik utzi du gure itsulapikoa, 66.000 miloi 2011an eta 13.000 miloi gaur. Ondorioa: ez dago dirurik, Pentsio Sistema Publikoa jasan ezina da.
Ez gaude ados. Ez da diru kontua, ideologikoa baizik, pentsio plan pribatuak sustatzeko; sistema publikoa desagerrtuarazi nahi dute. Ez ditugu onartuko beraien etorkizuna ongi ziurtatuta daukaten politikoek gure etorkizunaren ziurtasuna eta duintasuna kolokan jar ditzazketen erabakiak hartzea. Aspaldian daramagun borroka areagotzen ari gara eta ez dugu atsedenik hartuko, larritasuna nabarmena da jubilatuengan, ez gaitezke isildu.
Azken aldi honetan eragile eta jubilatu elkarteek harreman estuak izan ditugu Nafarroako Parlamentuarekin eta Nafarroako Gobernua lege proposamen bat lantzen ari da alargunen eta Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (LGS) azpitik dauden pentsioak osatzeko, lege proposamen bat lantzen ari da. Lege honen bidez 22.000 nafar pentsionistek %8ko igoera izango dute eta hiru urtetan pentsio guztiak LGS-rekin parekatu nahi dituzte.
Hau onartzen dugu, baina ez da aski. Jubilatu gehienengtan, etorkizunari begira, alarma egoera sortzen ari da, eta borrokatzea tokatzen zaigu. Hauek dira kaleratzen ari garen aldarrikapenak: Pentsio Sistema Publikoa, Pentsio duina eta KPIaren arabera baloratua, eta pentsioen kutxa aurrekontuekin hornitzea pentsioen kutxa. Iruñean eta Irurtzunen egin ditugu kontzentrazioak eta datorren astelehenean, apirilak 10, goizeko 11:00etan, Etxarri-Aranatzen kontzentratuko gara. Etorri eta defenda dezagun guztiondako pentsio duin bat.