Korrikari buruzko bi bitxikeria

Guaixe 2017ko api. 7a, 14:06
Jose Mari Satrustegi, erdian, eta Eli Galdos, eskuinean. Argazkia: Bidegileak bilduma, 37.

Bazenekien…
Lehenengo Korrikako aurreneko km sakandar batek eraman zuela? Jose Maria Satrustegi euskaltzain arbazuarra izan zen lekukoa eskuan aurreneko pausoak eman zituena. 1980ko azaroaren 29an Oñatin hasi zen. Euskararen aldeko estreinako lasterketa zen hura eta AEK-koek ongi kalkulatu zuten dena. Oñatiko udaletxetik abiatu zen 0 km-a erdibana egin behar zuten Satrustegik eta Eli Galdosek. Km erdia egiteko bakoitzak 3 minutu beharko zituela aurreikusi zuten AEKn. Korrika hasi eta 3, 4, 5, 6 eta 7 minutu pasa eta Satrustegi ez zela iristen. Zortzi minutura agertu zen arbazuarra lekukoa pasatzeko prest. Oñatiko kaleetatik gaizki bideratu zuten eta bide luzeagoa eginda iritsi zen Galdosengana. Antolakuntzan izan zen Urtsa Errazkinek orduan pentsatutakoa gogora ekarri du: “arraioa, bukatu da lehen kilometroan!”


Jakina da…
aurreneko Korrikako mezua lekuko barruan ez zela Bilbora iritsi. Orduko Nafarroako AEK-ko arduradun Lurdes Mendinuetak antolatzeko asmo zuten txandakako lasterketaren berri Jose Mari Satrustegiri eman zion. Arbazuarrak proposamena egin zuen: Rikardo Arregik alfabetatze-lana babesteko eskatuz Euskaltzaindira bidalitako gutuna mezua izatea. Berak kopia bat zuen. Akaberan, beraz, Arregiren gutuna eta gero AEKrena irakurriko ziren. Oñatiko hasierara Satrustegik ez zuen gutuna eraman, Donostian zuen, txukuntzen. Eta Korrika Urdiainera iritsi zenean herrian sartu zuen Satrustegik.