Emaztea kolpatzeagatik Foruzaingoak 21 urteko gizonezko irurtzundarra atxilotu du asteburuan. Atxiloketa eragin zuten gertaerak Ezkabarten gertatu ziren, NA-2410 errepidearen ondoan. Handik pasatzen ari zela, zerbitzutik kanpo zegoen Polizia Nazionaleko agente batek auto bat bide bazterrean geldituta ikusi zuen. Baita soroan zehar gizonezko bat emakumezko baten atzetik korrika zihoala eta hainbatetan kolpatzen zuela. Bitartean, autoan 2 urteko alaba zegoen.
Emakumezkoa gizonezkoari izkin egin eta handik pasatzen ziren autoei laguntza eskatu zien, baina ez zioten jaramonik egin. Poliziak lagundu egin zion eta 112 telefonora hots egin zuen. Foruzainek gizonezkoa atxilotu eta epailearen aurrera eraman zuten. Ama-alaba, berriz, etxera eraman zituzten.
Bestalde, Foruzaingoak jakinarazi du asteburuan bilatze eta atxilotze agindua zuen 20 urteko gazte altsasuarra atxilotu duela. Iruñeko 4. Zigor Auzitegiak emandako agindua zen. Epailearen aurretik pasa ondoren gaztea aske gelditu zen.