Artisau azoka antolatu zuen Vianako ikastolak 30. aldiz igandean. Azoka baliatuz Erentzun fundazioak euskararen alde Vianan lan egin duten pertsonak eta taldeak omentzen ditu. “Gure herrian euskararen aldeko auzolan handi horretan laguntza saritzerakoan Vianan ezezagunak diren baina bitan euren auzolanaren arrastoa utzi duen talde bati erreparatu diogu”, azaldu zuen fundazioko buru Txema Yaniz Diaz de Ceriok.
Benigno Mendiaren inguruan sortutako taldeaz ari zen. “Mendiak batu zuen auzolan izpirituak hor segitzen du. Horregatik, bere jendea, lagunak, laguntzaileak eta guztiek pixka bat jarriz zerbait handia egin daitekeela, auzolanean sinisten duten guztiak omendu nahi ditugu”. 2005az geroztik Nafarroa Oinezetan paella bazkaria egin eta zerbitzatzeko taldeak egiten duen lana aitortu zuten Vianan, non bitan egon diren lanean. Erentzungo Eskortak saria Mari Jose Aierbek eta Aitor Irigoienek jaso eta esker ona azaldu zuten. Taldeko hainbat kide presente izan ziren Vianan, autobusez joan baitziren.