Zurrumurru ari du

Erabiltzailearen aurpegia Marian Mendiola Barandalla 2017ko api. 13a, 09:37

kolaboratzaileak

Sakanako Immigrazio Zerbitzuan, ikastetxeetan eta guraso elkarteetan Negu Gorriak-en kantak dioen moduan dabiltza: Uuuuu… Kolore bizia, arrazakeriaren kontra! Uuuuu…  Kolore guztiak, faxismoaren kontra! Uuuuu… Kolore bizia, xenofobiaren kontra! Uuuuu… Kolore guztiak, faltsukeriaren kontra!

Hemendik aurrera, noizbait, uda ala negu, aterki koloretsua daraman haurren bat ikusten baduzue, erne egon. Segur aski zurrumurru ari du. Doraemon edo Gadgeto paraguas-ek egiten duen magiaren moduko bat gertatuko da Sakanan aterkiekin, izan ere, zurrumurruen jasari aurre egiteko tresna bihurtu baita. Eta gainera, euritakoarekin batera zabaldu duten txintxilikarioa (hiru urteko haurren aita-amentzat) amuletu bihurtu dute, norberaren eta besteen eskubideak babesteko.

Etorkinen inguruan sortzen ditugun zurrumurruak gelditzeko eta aniztasuna baliosteko, ortzadarraren aterkiak zabalduko dituzte gure haur txikiek. Izan ere, etorkinen inguruan makina bat esaldi, zurrumurru eta uste barreiatzen dira, egiak ez direnak.

Zurrumurru asko ezberdinak direnei oldartzeko eta estigmatizatzeko besterik ez dira erabiltzen. Gaitzespen diskurtsoak, gehienetan, beldurrean, informazio ezan eta manipulazioan oinarritutakok izaten dira. Non nahi sortu eta zabal daitezke, txinparta moduan. Ustez kontrolatua eta isildua dugun arrazismoa kanporatu eta konturatzerako bere onetik ateratzen dugu.

Bere arrazismo dosia duen gizarte batean bizi gara; bere matxismo eta klasismo dosia duen bezala. Onartu beharrean gaude “ismo” horiek guztion baitan daudela. Beharrezkoa dugu pertsona bakoitzak gure baitan dugun arrazismo dosi horrekin borrokatzea edota horri aurre egiten laguntzea. Eraldaketarako prozesu pertsonalak eta kolektiboak egin behar ditugu, gu guztiongan egon daitezkeen sentimendu makurrenak eta baztertzaileenak lantzeko. Eta horretarako aproposak eta lagungarriak dira era honetako  ekimenak eta beste asko gehiago ere.   

Kolore askotako jendea elkartuz, aniztasuna eta elkarbizitza defendatzeko, egin dezagun “gure sinbolo“ baloreen aterki hori. Badakigu oso zaila dela arrazakeriaren zainak kanpora botatzea, baina, zurrumurruak, sinesmen faltsuak eta mamuak deuseztatzea lortu beharko genuke. Hasi gaitezke gaiari beste begi batzuekin begiratzen eta bizikidetzaren lehenbiziko urratsak ematen, kaleak eta txokoak elkarrekin konpartituz.