Ezkurdiak aurrera Buruz Burukoan

Retegi Bi 11 tantotan utzi zuen arbizuarrak eta final laurdenetan Urrikoetxea izango du aurkari

Buruz Burukoari primerako hasiera eman dio Joseba Ezkurdiak. Arbizuko aurrelariak Retegi Bi izan zuen aurkari igandean Gasteizen, txapelketako final zortzirenetan. Aurreko urtean ere Retegi Birekin aritzea egokitu zitzaion arbizuarrari eta aurreko urtean bezala, garaipena lortu zuen Ezkurdiak, 11 eta 22 gailendu baitzen.

Gogor hasi zen partida. Tanto luze eta gogorrak izan ziren Ezkurdiak eta Retegi Bik jokatu zituztenak. Ezkurdiak erritmo indartsua ezarri zuen eta Retegi Bik nahikoa izan zuen defendatzearekin. Arbizuarra 8 eta 12 aurreratua zegoenean, Ezkurdiaren dejada bat beste dejada batekin erantzutera joan zen Eratsungoa, bere ezkerreko sorbaldak paretaren kontra jo zuenean. Hortik aurrera, ezkerreko sorbaldan arazoak sentitzen hasi zen berriz. Horrela, bere erresistentzia ahalmenak behera egin zuen. Ezkurdiak paretan jokatu zion Retegi Biri, eta sakearekin ere min handia egin zion. Bukaerako tantoak azkarragoak izan ziren eta arbizuarrak duen indarra, erresistentzia eta bere bolea indartsuari esker 11 eta 22 irabazi zion Retegi Biri. Final laurdenetan, Joseba Ezkurdiak Mikel Urrutikoetxea izango du aurkari igandean, Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Gidoia errepikatzen da, iaz ere Ezkurdia Urrutiren kontra aritu baitzen.

Mikel Urrutikoetxearen kontrako partida oso gogorra izango dela aurreikusten da. Ez da horren erraza izango Ezkurdiarendako. Aurreko urtean Ezkurdiak estu hartu zuen Urrutikoetxea, baina azkenean bizkaitarrak irabazi zuen, 22 eta 19. Ea aurten Arbizukoak errebantxa hartu eta alderantziz izaten den.

Zabaleta, kanpo
Buruz Buruko final hamaseirenetan Jose Javier Zabaletak Mendizabal III.a izan zuen aurkari apirilaren 16an Lekeition. Ez zen Etxarrengoaren egun onena izan, Mendizabal bere gainetik pasa baitzen. Hiru tantotan utzi zuen Mendizabal III.ak Zabaleta, eta txapelketatik kanpo geratu zen Etxarrengoa.

Buruz Burukoa. Final zortzirenetakoen emaitzak
Victor 19 – Rezusta 22
Olaizola II.a 22 – Mendizabal III.a 5
Retegi Bi 11 – Ezkurdia 22
Artola –Laso (gaur, Zumaian)

Buruz Burukoa. Final laurdenak
Ostiralean, 22:00etan, Atano III.ean: Rezusta – Altuna (ETB1)
Larunbatean, 17:30ean, Labriten: Olaizola II.a – Bengoetxea VI.a (ETB1)
Igandean, 17:00etan, Bizkaian: Urrutikoetxea – Ezkurdia (ETB1)
Astelehenean, 17:00etan, Astelenan: Irribarria – Artola edo Laso (ETB1)