XXX. Burunda Trofeoan Alberdi eta Mintegi sarituak

Guaixe 2017ko api. 26a, 12:47

Intersport Irabiako Aitor Alberdi arbizuarra lehen sakandarra izan zen eta mendiko sailkapena irabazi zuen. Iker Mintegik tartekako helmugak irabazi zituen eta Intersport Irabia probako talde onena izan zen

Igandean eguraldi bikainarekin jokatu zen Burunda Txirrindularitza Klubak Altsasun antolatutako XXX. Burunda Trofeoa (63 km), ikusleek ederki girotuta. 152 txirrindularik hartu zuten irteera eta horietatik 98 iritsi ziren helmugara. Lasterketa ikusgarrian esprint oso estuan erabaki zen eta Limousin Kartoiak-Oriako taldeko Julen Dorronsoro izan zen helmugako marra lehena zapatu zuena (1:35:04). Aralar klubeko Intersport Irabiako Aitor Alberdi arbizuarra 7.a sartu zen eta bere taldekide Igor Arrieta 8.a, denbora berean.

Tropel nagusia 39 segundora sartu zen. Etxeko Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeko Unai Aznar 13.a sartu zen. Bi talde sakandarreko gainontzeko txirrindulariei dagokienez, Urko Gorriti (I.I.) 21.a sartu zen, Iker Mintegi (Q.A.) 44.a eta Unai Villalobos (Q.A.) 47.a.

Etxeko sariak
Aitor Alberdi kadeteen lehen urteko sailkapenean lehena izan zen, Arrieta bigarrena eta Aznar hirugarrena. Aitor Alberdik irabazi zuen ere mendiko sailkapena eta tartekako helmugen sailkapena, aldiz, etxean geratu zen, Iker Mintegi altsasuarrak lortu baitzuen. Taldekako sailkapenean, Intersport Irabia izan zen talde onena. Quesos Albeniz 10.a sailkatu zen.  

Bestalde, Aste Santuan, apirilaren 14an Logroñon lehiatu ziren kadeteak. Unai Villalobos (Q.A.) 6.a sailkatu zen eta Iker Mintegi (Q.A.) 20.a.

Emakumeak
Larunbatean VI. Barrundiako Udala San Prudentzio Trofeoa jokatu zen. CAF Turnkey taldeko Amaia Lartitegik irabazi zuen, esprintean (1:19:55). CAF Turnkey Engineering taldeko Joana Irastorza 25.a sartu zen. Eta igandean, Busturiako Emakumeen Lasterketan, atzera ere kadeteen mailan Amaia Lartitegi gailendu zen esprintean (57:28). Nafarroa Ermitagañako Leire Maiza 24.a sailkatu zen, bere taldekide Maria Beraza 36.a eta Joana Irastorza 40.a.

Masterrak
Igandean Palacio de Gorraiz Saria jokatu zuten master mailakoek (91 km). GNG-Master Team taldeko Iakes Gisasola iritsi zen bakar-bakarrik helmugara (2:08:23). Eibartrans taldeko Mikel Sarasola bosgarrena sartu zen, tropel nagusiarekin, 6 segundora. Aralar taldeko Iraitz Goñi 30.a iritsi zen eta Dos Hermanas taldeko Alejandro Maya 61.a.

Txikienak martxan
Larunbatean hasi zen eskoletako kategoriako denboraldia, Berrioplanon. Bikain aritu ziren Aralar eta Burunda klubetako txirrindulariak.