Adinekoen Eskola, zahartze osasuntsua sustatzeko

Guaixe 2017ko api. 27a, 11:26

Etxarri Aranatzen, maiatzaren 3an, 4an, 8an eta 10ean, 17:00etatik 19:00etara, Gure Ametsa Erretiratuen Klubean.

Osasun Departamentuak hirugarren adinekoen osasuna hobetzera bideratutako ekimena da  Adinekoen Eskola. Haren helburua da tailerren bidez zahartze osasuntsua sustatzea. Fernando Dominguez Osasuneko kontseilariak ekimenaren aurkezpenean esan zuenez, “nahiz eta bizitzako etapa guztietan den garrantzitsua osasuna”, zahartzaroari jarri dio arreta, “zahartzaroa, gaur egun erronka handia delako gizartearendako”.

Nafarroan bizi-itxaropena munduko handienetakoa den arren, ez da horrenbestekoa osasun onez bizitzeko itxaropena. Eta pertsona horietako askok aktiboan eta independentziaz jarraitzen duten arren bizitzaren akabera arte, garrantzitsua da guztien osasuna eta bizi-kalitatea hobetzea, eta gaixotasunak eta mendekotasuna prebenitzea, eta hori erronka pertsonal, sozial eta sanitario garrantzitsua da.

Testuinguru horretan, Adinekoen Eskolaren helburua da zahartze osasuntsua sustatzea, pertsona horiek ahalik eta gehien euts diezaieten beren gaitasunei, ahalmen funtzionalei, autonomiari eta bizi-kalitateari, mendekotasuna saihestuz. Helburu hori lortzen lagundu nahi du eskolak, hainbat jarduerarekin: auto-zainketa fisikoak, mentalak eta sozialak sustatuko dituzten hitzaldiak, tailerrak, topaketak, etab.; hori guztia, Lehen Mailako Osasun Arretako Zerbitzuekin, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuekin eta erakunde sozialekin lankidetzan. Gainera, Nafarroako Gobernuak laster aurkeztuko duen zahartze aktibo eta osasuntsurako estrategiaren funtsezko ekintza-ildoa da.

Osasuntsu zahartzea deritzon tailerra da lehenengo ekintza; ahalik eta bizi-kalitate onenarekin zahartzeko baliabideak eta trebetasunak garatu nahi dituzten 60 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago tailer hori. Bikoteka eskainiko dituzte tailerrak; batetik, esparru soziosanitarioko profesional batek eta erretiratuen elkarte edo kluben bateko kideren batek. Lau saio egingo dira: Zahartze-prozesua; Gure gorputza zaintzea; Gure burua eta emozioak zaintzea; Gure harremanak eta ingurunea zaintzea.

Kontseilariak jakinarazi zuenez, bai Adinekoen Eskola bai Gurasoen Eskola ekimenak irailetik aurrera Nafarroa guztira zabalduko dira. Horretaz aparte, online formatuan eta erdi aurrez aurreko tailerrak ere eskainiko dituzte, erabilgarritasun handiagoa izan dezaten.

Doakoa
Baina aldez aurretik izena eman behar da 848 42 34 50 telefono zenbakian, 08:00etatik 15:00etara, edo Adinekoen Eskolaren webgunean.