Langilearen Egunaren bezperan Sakanako LABek ibarrak bizi duen sozio-ekonomia egoeraren inguruko hausnarketa publiko egin du. Sindikatuko arduradun Gaizka Uhartek esan duenez, “enpleguan egoera hobetu dela nabari da”. Gora egin duten Gizarte Segurantzako eta behera egin duen langabezia datuetan oinarritu da hori esateko. Gaineratu duenez, “25 enpresa dira enplegu gehien sortu dutenak eta, kontrako aldean, badirudi komertzio txikiak direla egoera okerren bizitzen ari direnak, 6 langile baina gutxiagoko enpresen kopuruak behera egin baitu”.
Uhartek, hala ere, nabarmendu du “enplegu datuak hobera egin badute ere, egin diren kontratuak behin behinekoak dira eta baldintza kaxkarretan egin dira”. Azaldu duenez, kontratazioen %90 baino gehiago behin behinekoak dira, emakume eta gazteak dira lan egonkor bat bilatzen zailtasun gehien izaten ari direnak. LABetik bestelako datuak eman dituzte ere: enpresatan negoziazio kolektiboa erabat geldituta dago, ordu estrak ugaritu dira eta lanaldiak luzatu. “Orokorrean esan dezakegu aberastasuna eta lana ez dela banatzen ari. Esan dezakegu prekarietatea hedatua dagoela eta ondorio zuzenak dituela enpleguaren sorreran edo langileon eros ahalmenean. Zailtasunak beraz, bizi modu duin bat aurrera ateratzeko orduan”.
Deialdia
LABek Maiatzaren Lehenerako Langileok Euskal Estatua! Burujabetza osoa Aldaketa Sozialerako! leloa aukeratu du. Sakandarrak Iruñeko Gaztelu plazatik 12:15etan abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu du. Mobilizazioak lau atal izanen ditu Euskal Herriak behar duen alternatiba irudikatu asmoz: 35 orduko lan astea, 1200 euroko gutxieneko soldata, 1080 euroko gutxieneko pentsioa eta zerbitzu publikoen garapena. LABek langileak antolatu eta borrokatzera deitu nahi ditugu, enpresatan eta kalean aberastasuna eta lanaren banaketaren alde.
Enpleguaren bilakaera Sakanan Seguritate Sozialeko datuak kontutan hartuz | |
Urtea | Langileak |
2008 | 6722 |
2013 | 4532 |
2015 | 4130 |
2016 | 4540 |
2017 | 4821 |
Sektoreen araberako bilakaera 2015-2017 | |||
Sektorea | 2015 | 2016 | 2017 |
Zerbitzu pribatuak | 1228 | 1322 | 1379 |
Industria | 2228 | 2601 | 2864 |
Administrazio publikoak | 224 | 236 | 278 |
Eraikuntza | 247 | 196 | 365 |
Nekazaritza eta abeltzaintza | 76 | 71 | 69 |
Soziosanitarioa | 127 | 114 | 134 |
Irakaskuntza | 185 | 200 | 197 |
Enpresa kopurua, langile kopuruaren arabera | ||||||
2015 | 2016 | 2017 | ||||
Langile kopura | Enpresa kopurua | Langile kopurua | Enpresa kopurua | Langile kopura | Enpresa kopurua | |
<6 | 939 | 544 | 954 | 566 | 929 | 549 |
6tik 30era | 1567 | 126 | 1743 | 139 | 1874 | 143 |
>30 | 1624 | 24 | 1843 | 24 | 2018 | 25 |
Guztira | 4130 | 694 | 4540 | 729 | 4821 | 717 |
Langabeziaren bilakaera* | |
Urtea | Langabeak |
2013 | 2000 |
2016 | 1256 |
2017 | 1142 |
*INEM |