UGTk eta CCOOk deialdi bateratua egin dute

Guaixe 2017ko api. 28a, 12:08

Astelehenean, 12:00etan, Iruñeko autobus geltoki zaharretik aterako da manifestazioa.

Bi sindikatuek elkarrekin deitu duten manifestazioan egungo politiken berehalako aldaketa eskatuko dute. “Halakorik gabe, krisia ez da sekula akatuko gizartearen gehiengoarendako, langile klasearendako. Exijentzia soziala, ekonomikoa eta demokratikoa da”. Maiatzaren 1eko manifestazioak honako leloa izanen du: aitzakiarik ez: enplegu egonkorra, soldata justuak, pentsio duinak eta gizarte babes gehiago”.

UGTk eta CCOOk estatuko eta erkidegoetako gobernuei, baita parlamentuan ordezkaritza duten alderdiei dei egin diete “ekoizpenaren eta aberastasunaren hazkundeak gizarte osoarendako onuragarria izan dadin beharrezko erreformak eta aldaketak bulkatu” ditzaten. Neurri sorta zerrendatu dute: lan erreformak bertan behera uztea, soldatak handitza, gizarte babeserako sareak indartzea, negoziazio kolektiboan indarren oreka bueltatzea, lanbide arteko gutxieneko soldata nahikoa izatea (1.000 euro legegintzaldi akaberarako edo soldata ertainaren %60 izatea), gizon-emakumeei soldata berdina bermatuko dien legea, pentsioen erreforma bertan behera uztea, zerga erreforma integrala, Osasuna, Hezkuntza, Babes Sozial eta Dependentziarako laguntzen gastua berreskuratzea, Mozal legea bertan behera uztea eta beste.

Bi sindikatuek gogorarazi dute 2008tik “langile klasearen eskubideak ezabautak” izan direla “krisiaren eta gaizki izendatutako austeritate politikengatik”. Horiek “lan prekarietatea, soldaten eta gizarte prestazioen murrizketa, eta eskubide eta askatasunak urritzea” ekarri dutela gaztigatu dute. Horren guztiaren ondorioz, “gehiengoa, langile klasea, pobretu du, eta desberdintasunak, pobrezia eta gizarte bazterketa handitu dira”.