Bost sindikatuk euren aldarrikapenak partekatuko dituzte Maiatzaren Lehenean. CGT, CNT, ESK, Soldari ea Steilas bazterkeria eta prekarietatea gelditzea eskatuko dute Iruñeko kaleetan barna. “Krisia deitu zuten harrapaketaren etekinak gutxi batzuk gozatzen dituzten bitartean, herritarren gehiengoak zigortu gaituzten erabateko prekarietateari eta desberdintasunari aurre egin behar diegu”.
Bost sindikatuek lan merkataren erregularizazio faltak eta prekarizazioak “gure eskubideen atzerakada argia” ekarri dutela salatu dute. Nafarren %13 pobrezia eta gizarte bazterketa egoeran daudela nabarmendu dute. Aberastasuna “banatzea” exijitu dute, “ezin du gutxi batzuen eskuetan segitu”. Gogoan izan dituzte apenas eskubiderik ez duten etxeko langileak, “gehienak euren egoera arautua izan gabe lan egiten dute”, gazteen zabor-enpleguak edo landa-eremutako sasoiko langileen egoera edota “lantzat ere hartzen ez dituzten zaintza lanak”. Lan eredu horiek ikusita, bost sindikatuek “berdintasuna, lanaren eta aberastasunaren banaketa” aldarrikatu dute. Murrizketek eta pribatizazioek ongizate estatua “mehetu” dutela salatu dute.
Bestalde, hezkuntza publikoak beharrezkoak diren baliabiderik gabe segitzen duela gaztigatu dute. Aldi berean, Nafarroako Gobernuan izandako aldaketa “nahikoa ez” dela nabarmendu eta “aldaketa gehiago” nahi dutela gaztigatu dute. CETA moduko nazioarteko akordio “ultraliberalen” alde jo dute. Guztiari aurre egiteko garaia dela uste dute CGT-k, CNT-k, ESK-k, Soldarik eta Steilasek