Asteburuan jokatu da VI. Lea-Artibai Rallya. Proba gogorra izan zen. 95 ibilgailuk hartu zuten irteera baina horietatik 43k lortu zuten proba despeditzea, 52k proba utzi behar izan baitzuten. Eguraldi ona, euri zaparradak… denetatik izan zuten pilotuek. Azkarrenak Euskadi Racing taldeko Aingeru Castro eta Alaitz Urkiola (BMW M3) izan ziren (1:17:47). Sakana Motorsport taldeko Garikoitz Goñi etxeberriarrak eta Iñaki Arivek (Renault Clio Sport) proba despeditzea lortu zuten, sailkapen orokorrean 15. postuan (1:26:42), Clase 4 mailan bigarrenak eta Nafarroako Txapelketan bigarrenak. “Larunbateko guneetan aldaketak egin behar izan genituen suspentsioetan eta beste, eta 92 ibilgailuetatik 26.ak sailkatu ginen. Eta igandean eguraldi ona izan genuen hasieran, baina lehorreko gurpilak genituela, euri zaparradak hartu gintuen eta sustoren bat ere izan genuen. Asistentzian gurpilak aldatu eta rally ederra eta gogorra despeditzea lortu genuen” adierazi du Garikoitz Goñik sare sozialetan.
Askargorta eta Fernandez
Bestalde, Iker Askargorta olaztiarrak kopilotu lanak egin zituen Isaak Zurbanorekin (Opel Kadett). 27.ak sailkatu ziren (1:32:46). Aitor Fernandezek ere kopilotu lanak egin zituen Aitor Baltasar pilotuarekin (Peugeot 205 Gti). Sailkapenean 35.ak izan ziren (1:43:13).