Lesakako Tantirumairu ikastolak antolatutako Nafarroa Oinez festa lastailaren 15ean izanen da. Haren aurretik makina bat kultura ekimen antolatu dituzte, guztiek ere memoria eta sormena ardatz dutena. Horren emaitza ere bada Artea Oinez erakusketa, Nafarroako ikastolen festari lotua urtero egiten dena, 1990az geroztik. Aurtengo erakusketa Iruñeko Kondestable jauregian ikusgai dago ostiralaz geroztik maiatzaren 6ra arte. Maiatzaren 19tik garagarrilaren 4ra, berriz, Lesakan izanen da.
Punta-puntako 71 artisten 72 lan bildu dituzte erakusketan. Erakusketan haren bi artelan jarriz Jose Luis Zumeta artista omendu du 2017ko Artea Oinezek. Belaunaldi desberdinetako sortzaileak eta denen lanekin erakusketa anitza eta aberasgarria sortu da. Denetarik dago: olioa, argazkiak, instalazioak, grabatuak, eskulturak eta beste. Lau sortzaile sakandarren lanak daude erakusketan. Gainera, Clara Gangutiak Jose Ramon Anda izenburua duen litografia jarri du erakusketan.
Sakandarren lanak | |||
Sortzailea | Obra | Teknika | Urtea |
Jose Ramon Anda | Leihoa | Eskultura (brontzea) | 1982-2012 |
Mikel Okiñena | Anfora | Eskultura (koloretako metakrilatoa) | 2015 |
Txuspo Poyo | La mano de Kerry | Egunkari gaineko marrazkia | 2004 |
Dora Salazar | Exponerse | Eskultura (kobre haria eta eztainua) | 2008 |