225 ikasle ikastetxe arteko Herri Kirol Topaketan

Mank-ek antolatuta, Uharte Arakilgo Larrebieta pilotalekuan burutu da topaketa

Urtero moduan, Sakanako Mankomunitateak ikastetxe arteko Herri Kirol Topaketa antolatu du. Aurten Uharte Arakilgo Larrebieta pilotalekuak hartu du ekimena. Topaketa zabaltzeko, Kañamares anaiek trontza eta aizkora erakustaldia egin dute, eta ondoren hasi da Herri Kirol Topaketa. Bertan Lehen Hezkuntzako 6. mailako Sakanako ikastetxe guztietako ikasleek parte hartu dute. Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak adierazi digunez, guztira 225 neska-mutiko aritu dira.

Ikastetxe guztietako ikasle guztiak nahastuz, taldeak sortu dituzte eta herri kirol proba konbinatuetan lehiatu dira guztiak, gainontzekoen animuak lagun. Txingak, zaku lasterketa, koxkolak, giza-plaza eta sokatiran lehiatu dira.

Ekimen honetan ez da sailkapenik egiten eta ez dago txapeldunik. Helburua gaztetxoengan herri kirolak sustatzea da, jai giroa bulkatzea eta Sakanako ikastetxe ezberdinetako ikasleen arteko harremana sustatzea.