LOMCE hezkuntza legeak berarekin errebalidak ekarri ditu. Altsasu institutuko DBHko 4. mailako ikasleek errebalida bihar egin beharko lukete. “LOMCE legeak inposatu dizkigun azterketak dira errebalidak. Aurtengoak ez dira ebaluagarriak izanen. Emaitzak ez dituzte ez ikasleek ezta ikastetxeek jakinen, haiek bakarrik. Aurrera baldin badoaz, heldu diren urteetan errebalida aprobatzea beharrezkoa izanen da ikasturtea edo DBH gainditzeko”.
Horren kontra protesta egiteko Errebalidei planto asanbladak deituta manifestazioa egin da. 150 ikasle inguruk parte hartu dute ikastetxetik Altsasura eta herrian barna egin den protestaldian, “herriari erakusteko errebaliden kontra gaudela”. Ikasle Abertzaleak deitu zuen greba egunean errabaliden kontrako asanblada egin zuten ikasleek. Handik sortu zen asanblada, institutuan bertan errebaliden kontrako hainbat ekimen antolatu dituena. DBHko 4 mailako ikasleei azterketa ez egitera animatu diete asanbladatik. “Oraingoz jendea ongi erantzuten ari da”. Asanbladak biharko hainbat ekimen aurreikusiak ditu.
Guardia Civilak etena
Errebalidei planto zioen pankartarekin egin dute manifestazioa ikasleek. Ia udaletxe parera iritsi direnean Guardia Civilaren patruila batekin topo egin dute. Manifestazioa eten dute, pankarta kendu diete eta disolbatzeko agindu dute. Ikasleak plazan batzarra egitekoak ziren baina ezin izan dute egin Guardia Civilaren patruila agertu delako. Asanbladatik “Guardia Civilaren presentzia itogarria” salatu dute, gaineratuz, “ikaslea kikiltzea dute helburu. Guk argi dugu haien erasoen aurrean”.