Lakuntzako lehiaketak sariak banatu ditu

Guaixe 2017ko mai. 11a, 12:23

Garabatosek diskoa grabatuko du, Embajadak kanta eta Alerta Gorria Hatortxu Rocken ariko da.

Sakanako Pop-Rock Lehiaketako finalak Lakuntzako kultur etxea bete egin zuen larunbatean. Eta zaleen aurrean onena ematen saiatu ziren hiru taldeak: Garabatos, Embajada eta Alerta Gorria. Hirurek zuten saria ziurtatuta. Bakoitzarendako zein sari izanen zen zehazteko zegoen. Eta haietako batean, publikoak gainera, eragina zuen.

Epaimahai berezia izan zen larunbatean: Hatortxu Rock-eko, Biltoki gazte elkarteko eta musika arloko bina ordezkari. Baita publikoa ere. Denen artean erabaki zuten Garabatosek diskoa egiteko grabazio 40 ordu izanen dituela Altsasuko Estudios Del Reynon, Ricardo Areta teknikariarekin. Embajada taldeak grabaziorako 8 ordu eskuratu ditu Josu Erbitiren Drum Groove estudioan (Iseoko bateria, Tximeleta ohia). Azkenik, Hatortxu Rock jaialdiko kartela itxita gelditu zen eta 85. taldea Alerta Gorria izanen da. Arbizuko taldeak disko grabaketa eta jaialdian parte hartzeko txartela irabazi zituen eta bien artean Hatortxu Rocken jotzea aukeratu zuen. Sariak Marea taldeko Piñas baxujoleak eman zizkien.

Sakanan popa edo rocka jotzen duten musika taldeak sustatzeko asmoz antolatu dute lehiaketa Lakuntzako Udalak, Hatortxu Rockek eta La Banda del jefe Bigun taldeak. Azken talde horrek Atzaparrockeko gaztetxoei aipamen saria eman zien.