Teknologiak erraztu ala zaildu

Sakantzen Sarea 2017ko mai. 12a, 09:00

kolaboratzaileak

Wikipediaren arabera, teknologia, grezierazko τεχνολογος-tik, tekne (τεχνη, "zientzia, arte, edo lanbide") eta logos (λογος, "jakintza-multzoa") hitzez osatuta dago. Hainbat definizio dituen arren, kontzeptu zabalenean, espezie batek tresnak sortu, erabili eta ingurunea bere nahi eta beharretara aldatzeko duen jakintza-multzoari deritzo teknologia. Teknologia, hain zuzen, objektu horiek guztiak diseinatzeko eta fabrikatzeko teknikak, makinak eta prozesuak aztertzen dituen diziplina da.

Azken urte hauetan, teknologiaren garapena izugarria izan da. Gaur egun, teknologiaren bitartez edozer gauza egin zein erosi dezakegu. Amazon da horren adibide nagusia. Edozer gauza aurkitu daiteke plataforman eta egun gutxitan, erositakoa etxean edota bulegoan izango dugu. Nork pentsatuko luke hau orain dela 20 urte inguru? Gainera, ordainketa seguruaren bitartez segurtasun osoa ematen digu erosketa prozesuan.

Elikadura sektorean, adibidez, 3D inprimatzeak sektorea guztiz eraldatu dezakela aipatzen hasia da. Espainian hainbat adibide garbi ditugu. Natural Machines-ek (Foodini inprimatzailea) etxean erabili ahal izateko 3D inprimatzeak sortu ditu eta Oskook empresa gipuzkoarrak aldiz, 3D inprimatze profesionala sortu du, jatetxe zein elikadura sektorerako.

Turismo sektorean ere, azken urtean hainbat enpresa berri sortu dira. Horietako askoren negozio balioa teknologian oinarritzen da. Gaur egun, zeinek ez ditu bere oporrak internet eta aplikazio berrien bitartez erreserbatzen? Adibidez, gure azken bidaia Londresera izan zen. Hegazkina erreserbatzeko, Momondo, Edreams, Skyscanner bezelako plataformen bitartez erosi genuen. Bertan aurkitu daitezke preziorik onenak. Bestalde, bertan lo egiteko Airbnb plataformaren bitartez erreserbatu genuen logela bat. Hotelak baino prezio askoz hobean, nahiz eta hain luxuduna ez izan (aurrekontu txikia geneukan).

Eta nola mugitu hiriburu batetik? Azkenaldian, taxi konpainiekin arazoak izaten ari diren Cabify eta Uber enpresak aurkitu ditzakegu. Txofer pribatu baten bitartez, mugikor batetik, Cabify edo Uber bat eskatu eta minutu gutxitan nahi duzun lekuan duzu.

Zein da zuen iritzia? Teknologiak erraztu ala zaildu?