Isabel Elizaldek, Landa Garapeneko, Toki Administrazioko eta Ingurumeneko kontseilariak, astearteko bileraz esan zuenez, “ibilbide-orri baten ildo nagusiak ezarriko ditugu, horrela, 2018. urtean, Latxa Ardiaren Plan Estrategiko bat izateko. Planaren edukiak jarduera zehatzak ezarriko dizkio Nafarroako Gobernuari ekoizpen-eredu hori indartzeko, etorkizunean landa-ingurunearen aldeko apustua egiten duten belaunaldi berriendako eta emakumeendako errentagarria eta erakargarria izan dadin".
Kontseilariak esan zuenez, “sektore honek eginkizun estrategikoa du lurraldearen eragile gisa, oreka eta enplegua ematen dizkio ekonomia-jarduera hain handia ez den lekuetan. Ustiapen horiek gabe, etorkizuneko aukerak mugatzen dira landa-eremuetan; mendi-eremuetan batik bat”.Nekazaritzako buruak jakinarazi du maiatzean Nafarroako Gobernuak Landa Garapeneko Programan eskatutako aldaketak onetsiko direla, lurraldearekin lotuta dagoen produkzio-eredu hedakorreko eredu bat finkatzen aurrera egiteko. Horrela, goi-mendiko eremuetan konpentsazio-ordainketa handituko da, eta hektareako 71 eurotik 106,5 eurora izatera pasako da. Mendi-eremuetan, 51,19tik 76,79ra pasako da. Muga naturalak dituzten eremuetan ere handituko da konpentsazioa: 40 eurotik 60 eurora hektareako.
Sektoreko eragile guztiek parte hartu zuten Altsasun asteartean egindako jardunaldian, baita Hego Euskal Herriko bi administrazioak ere. Horretarako garaia bazela nabarmendu zuen Elizaldek. Sei lan mahaitan banatu eta sektorearen diagnosia egin zuten. Ekoizleen mahaian aztertu ziren: esnea saltzen duten ustiapenen errentagarritasun baxua, hobekuntza genetikoaren erronkak, bazka autonomia, lurralde-oinarriaren kudeaketa, komunitateen erabilera, produkzio-indizeak, esnearen kalitatea edo arkumearen balorizazioa. Eraldatzaileen mahaian, hainbat ikuspegitatik aztertu ziren, eta produktu edo formatu berrien bilaketa edo industriaren kontzentrazioa aztertu ziren besteak beste.
Komertzializazio mahaian, besteak beste zirkuitu laburren ereduak sustatzea, zirkuitu ertain eta luzeen komertzializatzeko gaitasuna eta produktuaren homogeneotasuna aztertu ziren. Balio-kateari dagokionez, haren banaketa aztertu da: ekoizletik industria handiraino, azken kontsumitzailera helduta. Beste mahai batean belaunaldi aldaketaren beharra eta hark dakarren arazoa aztertu ziren; baita gazteen aholkularitza eta prestakuntza eta lanean hasteko hainbat modalitate ere. Azkenik, markek eta kalitate-enpresek duten zeregina aztertu zituzten.