Larunbatean Nafarroako Kirol Jokoetako Nafarroako Atletismoko lehen finalak jokatu ziren Iruñeko Larrabideko atletismo pistan. Fermin Azkargorta korrikalari iturmendiarrak junior mailako bi probatan parte hartu zuen, 400 m hesietan eta 4x400 metrotan, erreleboetan, Pamplona Atlético bere taldeko kideekin.
Goizean, 400 m hesietan lasterketa bikaina egin zuen Azkargortak eta bigarrena iritsi zen helmugara (57.63). Denbora horrekin Espainiako Txapelketetara joateko txartela lortu zuen Azkargortak, bertan parte hartzeko 58.10-eko denboratik behera egin behar baita.
Arratsaldean izan zen erreleboen txanda, 4x400 metrotan. Iturmendiarrak eta bere taldekideek lan bikaina egin zuten. Hirugarren aldaketan hartu zuen lekukoa Azkargortak eta taldeko azkarrena izan zen. Pamplona Atlético txapelduna izan zen (3:37).
Bi domina jantzita, bere ibilbidean pausuak ematen jarraitzen du Azkargortak.