Andra Mari ikastolako enpresa batzordeak deituta ikastetxeko langileek LOMCE legearen eta haren ebaluazio proben kontrako kontzentrazioak egin dituzte atzo eta gaur goizean. Hezkuntza legearen azken aldaketak Lehen Hezkuntzako 3. eta 6. mailan eta DBHko 4. mailan ebaluazio probak egitea ekarri du. Baina proba horiek ez dira Nafarroako ikastetxe guztietan eginen, batzuetan bakarrik. Horietako bat Andra Mari ikastola da, zehazki, Lehen Hezkuntzako 6. mailako ikasleak. Horregatik deitu dituzte protestak.
Enpresa batzordeko ordezkariek esan dutenez, “proba horiek ez dute inongo balio akademikorik eta emaitzak ez zaizkie komunikatuko ez familiei, ez ikastetxeei. Batxilergoko 2. mailan ikasturte bukaeran eginen diren probak aldiz, selektibitatearen ordezkoa izanen dira”. Eta gaineratu dutenez, “kontua ez da soilik LOMCEri aurre egitea, baizik eta hezkuntza komunitate osoaren parte-hartzearekin eta hezkuntza sistemaren hobekuntza integrala helburu duen ebaluazio sistema propioa eraikitzea”.