guaixe.eus

Elkarrizketen laurdena euskaraz

  Gizartea  Sakana

Udazkenean egindako hizkuntza-erabilera kale-neurketak emaitza hori utzi du. 15 urtetan lau puntu igo da euskararen kale erabilera; 2 puntu azken 4 urteetan.

Euskararen egoera zein den jakiteko, norberaren pertzepzio edo subjektibotasuna saihesteko, datuak ezinbestekoak dira. Eskualde batean euskarak zein presentzia duen jakiteko soziolinguistek hainbat datu objektibori erreparatzen diote: hizkuntzaren ezagutza maila, ikastetxeetako eta euskaltegietako matrikulazio datuak, hizkuntzarekiko jendarteak duen jarrera edota kalean euskaraz entzun daitezkeen elkarrizketa kopurua. Datu horiek euskararen aldeko sustapen-planak egiteko baliagarriak dira.

Soziolinguistika Klusterrak hizkuntza-erabilera kale-neurketa egin zuen joan den urteko udazkenean. Klusterreko Asier Basurto Arrutik aurkeztu zituen datuak astelehenean. Basurtok hasieratik zehaztapen bat egin nahi izan zuen: “neurketa Sakanako kaleetakoa da; ezin da ziurtatu kalean behatutako elkarrizketetako hiztun guztiak sakandarrak zirenik”. Neurketa egiteko udazkenean 4.583 elkarrizketa behatu zituzten, guztira 13.723 hiztun. Kale-erabilera neurketaren akats tartea, gora-behera, %1,45ekoa da.



Emaitzak

Erabilera
Lau elkarrizketatik bat euskaraz da
Sakanako kaleetan entzundako elkarrizketen laurdena da euskaraz, %24,8. Gaztelaniaz %72,9 eta beste hizkuntzetan %2,3. Euskara ezagutzari buruzko Sakanako azken datuak 2001ekoak dira eta orduan sakandarren %36,8 dira elebidunak zirela jasotzen zen. Ikastetxeetako matrikulazio datuek erakusten dute sakandarren euskararen ezagutza datuek gora egin dutela. Baina ezagutza eta erabilera datuak parekatzea, gaur egun, ia ezinezkoa da euskaldunek gaztelania ere erabiltzen dutelako.

Euskararen kale-erabilerak azken 15 urteetan 4 puntu egin ditu gora, haietatik 2 azken bost urteetan. “Gorako joera leuna, konstantea du”. Erabilera bost urtetik behin bina puntu igoko balitz 2069rako ibarreko elkarrizketen erdia euskaraz lirateke. 15 urtetik 4 puntu igoz gero elkarrizketen erdia euskaraz 2106an lirateke.

Hizkuntza Kopurua %
Euskaraz 3.405 24,8
Gaztelaniaz 10.004 72,9
Beste hizkuntzetan 315 2,3
Guztira 13.724 100

 

Bilakaera  
Urtea Euskararen erabilera %
2001 20,7
2006 21,8
2011 22,8
2016 24,8

 

Alderaketa  
Eremua Erabilera %
Euskal Herria 13,3
Nafarroa 5,7
Sakana 24,8




Herrika
Sakanako bederatzi herritan egin zen hizkuntza-erabileraren kale-neurketa. Soziolinguistika ezaugarri desberdinak dituzten herriak direnez, emaitzak ez dira homogeneoak. Basurtok urtetik urterako emaitzei baino joera orokorrari, bilakaerari erreparatzeko eskatu zuen. Ezagutza handien den herrietan erabiltzen da euskara gehien: Arbizun, Urdiainen eta Etxarri Aranatzen. Euskal Herriko gune euskaldunetan gertatzen den moduan, beherako joera dute aurreneko bi herrietan. “Euskararen arnas-guneak diren herrietan joera hori ikusten da eta hizkuntza-politika bereziak eskatzen dituzte. Neurri propioak landu beharko dira”.  

Hizkuntzaren erabileran gorako joerarekin, Lakuntza dago, “ibarreko goranzko joerarekin bat egiten duena”. Euskararen erabilera gutxien duten herriak Irurtzun, Uharte Arakil, Iturmendi, Altsasu eta Olatzagutia dira. “2001eko eta 2011ko neurketan puntu berean zeuden. Orain bakoitzari goranzko joera desberdin bat neurtu zaio. Erritmo desberdinean. Aldeak sortu dira. Hortik ikasgaia atera daiteke: puntu beretik abiatuta nola iritsi dira batzuk erabilera handiagoa izatera?”

Herria Euskaraz Gaztelaniaz Beste hizkuntzetan
Irurtzun 8,5 86,4 5
Uharte Arakil 17,9 77,6 4,5
Lakuntza 30,9 67,6 1,5
Arbizu 76,8 22,8 0,4
Etxarri Aranatz 57,8 41,3 0,9
Iturmendi 27,7 72,2 0,2
Urdiain 44,4 55,4 0,2
Altsasu 13,9 83,6 2,6
Olatzagutia 3,7 94,6 1,7
Guztira 24,8 72.9 2,3

 

Euskararen erabileraren bilakaera    
Herria 2001 2006 2011 2016
Irurtzun 7,1 11,6 7,6 8,5
Uharte Arakil 7,4 13,8 9,4 17,9
Lakuntza 25,8 27,3 33,7 30,9
Arbizu 83,3 74,2 79,3 76,8
Etxarri Aranatz 56,2 51,5 62,3 57,8
Iturmendi 6,3 23,6 7,1 27,7
Urdiain 53,8 46,6 59 44,4
Altsasu 7,5 8,9 7,8 13,9
Olatzagutia 0,6 8,9 7,2 3,7
Guztira 20,7 21,8 22,8 24,8


Generoaren araberako emaitzak
Emakumezkoen eta gizonezkoen hizkuntza-portaeren artean alde handirik ez dago. Emakumezkoek gizonezkoek baino gehiago hitz egiten dute. Azken lau neurketetan beti izan da horrela, baina alde handiena, 4 puntukoa, joan den urtean izan zen. Euskal Herriko datu orokorretan ere emakumezkoak dira euskara gehien erabiltzen dutenak.

Generoen erabilera bilakaera  
Urtea Orokorra Emakumezkoak Gizonezkoak
2001 20,7 25,3 22
2006 21,8 22,1 21,3
2011 22,8 23,2 22,4
2016 24,8 26,7 22,7




Adina
Sakanan euskaraz gehien hitz egiten dutenak haurrak dira. (2-14 urte). Helduak (25-64 urte) dira hurrengo multzoa. Euskararen erabileran hirugarren taldea gazteak dira (15-24 urte). Eta, azkenik, erabilera baxuena adinduen taldeak du (64 urtetik gorakoak). Azken lau neurketetako joerak ez dira egonkorrak. Haurrek eta helduek beti gorako joerari eusten diote. Gazteen erabileraren goranzko joera gelditu egin da. Hizkuntzaren normalizazioari begira desiragarriena haurren eta gazteen erabilera aurretik egotea da.

Adinka erabilera        
Hizkuntza Guztira Haurrak Gazteak Helduak Adinekoak
Euskaraz 24,8 32 21,5 23,5 15,9
Gaztelaniaz 72,9 66,5 77,1 73 83,4
Beste hizkuntzak 2,3 1,5 1,4 3,5 0,7

  

Adinkako erabileraren bilakaera    
Urtea Haurrak Gazteak Helduak Adinekoak
2001 23,1 22,6 16,9 22,2
2006 25,6 22,8 19,6 18,5
2011 27,7 26,4 20,4 18,1
2016 32 21,5 23,5 15,9




Haurren presentzia eta erabilera
Adin guztietako hiztunek elkarrekin hitz egiten dute egunerokoan. Baina hizkuntza-portaerei dagokienez, haurrak presente badaude erabilera igo egiten da. Haurrik ez dagoenean helduek  erdarara jotzen dute. Euskararen erabilerak behera egiten du haurrak bakarrik egonda. Baina haurrak eta helduak elkarrizketa berean badaude erabilera igotzen da. Helduek haurrei hitz egitean erabilera %36,9koa da. Alderantziz denean, haurrak helduari, berriz, %40,8koa. Haur-heldu hizketaldietan “dezente gehiago hitz egiten da euskaraz. Haurrak badaki gurasoei euskaraz egin behar diola. Eta gurasoek euskaraz egiten diete txikiei hizkuntza transmititzeko”.

Erabilera hizketa-taldearen arabera  
Hizkuntza Haurren artean Helduen artean Haur eta helduen artean
Euskaraz 22,2 16,3 39,2
Gaztelaniaz 77,4 81,1 58,1
Beste hizkuntzetan 0,5 2,6 2,7


Altsasuren kasua
Sakanako euskararen ezagutza azken datuak 2001ekoak dira. Salbuespena Altsasu da. Euskararen ordenantza garatzeko udalak euskaldunen errolda egin zuen eta %34,7 euskalduna zela jakin zen. Basurtok kale-neurketaren inguruko aurkezpenean esan zuenez, “batez ere, populazioari begira, Altsasuko datua arretaz jarraitu beharrekoa da. Seinale ona”. Sakanaren biztanleriaren herena Altsasun dago. “Bere erabilera Sakanako bataz bestekora hurbiltzen ari da”.


Neurketari buruzko datuak  
Herriak 9
Herri bakoitzeko neurketa orduak 18
Sakanan neurtutako orduak 162
Behatutako elkarrizketa kopurua 4583
Behatutako elkarrizketetako solaskideak 13723
Akats-tartea (gora-behera) %1,45

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak