XXX. Emakumeen Bira, Sakanan

Guaixe 2017ko mai. 19a, 14:39

Bihar, 14:00etan, Etxarri Aranatz – Aralarko San Migel santutegia etapa (58 km) jokatuko da. Sakanako emakume txirrindulariek moztuko dute etapa hasierako zinta

Asteazkenean hasi zen XXX. Emakumeen Bira-Laboral Kutxa Sari Nagusia. Guztira 17 emakumezkoen talde dira lehian daudenak, horietatik sei World Tour mailakoak. Egungo tropeleko emakumezkoen talde onenak dabiltza lanean, txirrindulari izarrak. Horietatik bi talde euskaldunak dira, Bizkaia-Durango eta Lointek Team.

Lehen etapa Iurretan jokatu zen, bigarrena Markina eta gaurkoa Antzuolan jokatuko da, 77,6 km-ko etapa. Bihar, larunbatean, Sakanara helduko da emakumeen txirrindularitza txapelketa garrantzitsu hau. Etxarri Aranaztik abiatuko dira txirrindulariak, 14:00etan, Aralarko San Migel santutegiraino iristeko (58 km). Etapa menditsu eta ikusgarria prestatu dute antolatzaileek, sailkapen orokorrean eragina izango duena.  

Sakanako emakume txirrindulariek moztuko dute zinta
Goizetik egongo da mugimendua Etxarri Aranatzen. Eguerdia pasata, 13:00etan, txirrindulariek kontrol firma pasatu beharko dute, plazan. Etxarri Aranazko udaletxe paretik hasiko da lasterketa, 14:00ak puntuan. Sakanako txirrindulari emakumezkoak izango dira etapa hasierako zinta moztuko dutenak.
Sakanako txirrindulari emakumezkoak izango dira etapa hasierako zinta moztuko dutenak. Izan ere, Etxarriko Udalak berdintasuna sustatzen jarraitzen du. “Berdintasunaren bidea eraikitzen jarraitzen dugu, kirolean eta txirrindularitzan berdintasuna aldarrikatzeko eta emakume hauen indarraz eta ausardiaz gozatzeko. Horrelako ekitaldiek aukera paregabea ematen digute emakumeen borroka plazaratzeko eta agerian uzteko kirola kirola dela, eta sexuak ez daukala zerikusirik. Agian hemendik urte batzuetara Joana ala Leire etxarriarrak Emakumeen Biran ikusiko ditugu, baina argi daukagu, guretzat beti txapeldunak izango direla, eta gure eskutan dagoen guztia egingo dugula beraien bidea errazteko” nabarmendu du Udalak.

Ibilbidea
Etxarritik aterako dira txirrindulariak. Arbizu, Lakuntza, Arruazu, Uharte Arakil, Irañeta (bonifikatutako sprinta, 14:27ean),  Ihabar, Hiriberri, Zuhatzu eta Etxarren pasa ondoren, Irurtzunera sartuko dira, han buelta hartuko dute, eta Egiarretako bidegurutzean sartuta (14:43ean), Zuarrarrateko igoerari ekingo diote (mendiko saria, 2. maila). Ondoren, Larraungo zenbait herritatik pasa eta gero –Oderitz, Astitz eta Alli– Lekunberrira iritsiko dira txirrindulariak (15:08ean), eta Baraibartik barna Aralarko San Migel santutegiko igoera gogorrari ekingo diote. San Migel gainean despedituko da proba (mendiko saria. 1. Maila. 1.222 m), 15:57ak inguruan.

Emakumeen Birako azken etapa igandean jokatuko da, Errenterian hasi eta bukatuko dena (95,2 km), Jaizkibel portua tartean. Zalantzarik gabe, biharko San  Migeleko etapak eta Errenteriakoak erabakiko dute Bira.  Aurreko urtean
Emma Johansson izan zen txapelduna. Aurten, Annemiek van Vleuten (Orica), Ashleigh Moolman-Pasio (Cervelo) eta Shara Gillow (FDJ) dira faboritoak, baina igandean jakingo dugu nork jantziko duen txapela.

17 taldeak
Ale Cipollini, Aromitalia Vaiano, Bizkaia-Durango, Cervelo Bigla Pro Cycling Team, Drops Cycling Team, Spain, FDJ Nouvelle Aquitaine Futuroscope, Giusfredi Bianchi, Lointek Team, Orica-Scott, S.C.Michela Fanini, Parkhotel Valkenburg, Russia, Top Girls Fassa Bortolo, Team Veloconcept Women, Team  WNT Pro Cycling eta Bepink Cogeas.