Beste behin ere, gure egoera publikoki salatzera behartuak ikusi gara. 2015ko Abenduaren 28an, euskal preso politiko eta iheslarien eskubideen aldeko ekimen batean parte hartzeagatik 37 nafar gaztek, tartean 10 sakandar, 22.000€ arteko isunak jaso genituen. Kolpe errepresibo horren aurrean “Herria vs Mordaza” deituriko ekimena sortzea erabaki genuen, Mozal Legearen izaera errepresiboa salatu eta gure egoeraren berri jendeak jakin zezan. Isunen zilegitasuna ez dugu onartzen eta hauek ordaindu ordez errekurritu genituen.
Gurea ez da kasu isolatua, Euskal Herrian, era batean edo bestean, pairatzen dugun errepresioaren beste kapitulu bat baizik. Errepresio hamaika aurpegi dituela salatu genuen. Nola ahaztu, beste askoren artean, aurpegi hau erarik krudelenean ezagutzen dituzten Altsasu eta Oreretako gazteak edota Indar Gorriren aurkako sarekada.
Atxiloketak, torturak, espetxeratzeak, erailketak… Sakanan biziki ondo ezagutzen dugu errepresioaren aurpegi bortitza, belaunaldiz belaunaldi galdu izan ditugu lagun eta senideak. Emilio Iguzkiza 1934an, Mikel Arregi 1979an, Josu Zabala 1997an, sufrimenduari eta errepresioari lotutako izenak izango dira betirako, iragan gogor eta goibel baten aurpegiak. Gure esku dago hori aldatzea, borrokaz etorkizun berri bat eraikiz.
Estatuak bide errepresiboa mantentzen du. Errepresio zuzenena gutxitu badu ere, hau ez da gelditzen, statu quoa zalantzan jartzen duen edonori kaiolaren burdinak etengabe erakusten dizkio errepresioaren bidez. Azkenaldian, ikusi dugu nola errepresio ekonomikoaren bidez behin eta berriz jotzen duen herri mugimenduen aurka.
Gu kolpatzeko, aipatutako errepresio ekonomikoa erabili dute, hain agerikoa ez den errepresioa, baina errepresaliatuen egunerokotasunean kalte handiek eragiten dituena. Errepresio ekonomiko hau, gainera, errepresioa jasan dutenekiko elkartasuna kolpatzeko erabili dute. Noiz arte sufritu behar izango dugu hau? ASKI DA!
Bukatzeko, behar genuen diru hori lortzeko garaian sakandarren laguntza ikaragarria azpimarratu nahiko genuke. Txalotzekoa izan da, une oro, Sakanako herri guztiek erakutsi diguten elkartasun eta babesa. Mila esker Sakana, hau da bidea. ERREPRESIOAREN AURREAN, HERRI ERANTZUNA!
Sakanako HERRIA vs MORDAZA