guaixe.eus

Euskal Udaberria Kalera!

  Iritzia  Sakana

kolaboratzaileak

Aurreko neguan borroka hilabete potentea garatu genuen preso ohiek antolatutako Kalera kalera! dinamikarekin, Sakanan “Kalera Tour” arrakastatsua burutu genuelarik. Usurbilgo itxialdia bukatzearekin batera, preso ohien dinamika amaitu zen.

Borrokaldi horren testuinguruan EPPKren zuzendaritzak eztabaida prozesua iragarri eta eztabaida txostena publiko egin zuen. 2013ko eztabaida prozesuan finkatutako ildoaren garapena planteatzen zuen, hiru ardatzen bueltan: 1. Sakabanaketa amaitzea, kideak batuz. 2. Deserriratzea amaitzea, Kolektiboa Euskal Herriratuz. 3. Espetxeak hustea, kideak kaleratuz. Hiru ardatz horien inguruan lege bideak jorratzea planteatu zuen, bi marra gorri zeharkatu gabe: damuketa eta salaketa. Era berean, planteatzen zuen ildo hau garatzen duen kide presoak EPPKren babes politikoa edukiko duela. Eztabaida abiada onean doa, eta EPPKk eztabaidaren ondorioak udan publiko egingo ditu.

Ezker abertzaleak hartu du preso ohien dinamikaren lekukoa, Euskal Herria kalera! dinamika antolatuz. Amnistiaren aldeko astearen 40. urteurrenean, duela 40 urte poliziak hildako 7 herritarrei omenaldiak egingo dizkiegu haien herrietan, eta Oreretan manifestazio nazionala egingo dugu, maiatzaren 13an. Udan ere ekimen potentea garatuko dugu.

Era berean, martxak antolatu ditugu maiatzaren 20rako, Curtis, Puerto, Picassent, St. Maur, Fleury eta Roannera. Euskal Herri osotik autobusak abiatuko dira sei espetxeetara, bakoitzean 400-500 lagun bilduko garelarik. Sakanatik autobusa aterako dugu Etxarriko seme Juan Kutx Maiza dagoen St. Maurrera. Apuntatzeko, jo ezazue ohiko leku edo militanteengana.

MAITE ZAITUZTEGU!! KALERA, BORROKALARI, KALERA!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa

Laguntzaileak