Gu eta besteak, bitxo arraroak

kolaboratzaileak

Gazteleraz bada hitz potolo bat, otredad, euskaraz itzultzen zaila dena. Gu ez garen horiek dira, besteak (otroa-k). Gu bezalakoak ez direnak. Normala edo estandarra den horretatik ateratzen diren guztiak izaten ohi dira besteak. Nahigabe eta konturatzerako normala-estandarra vs. bestea binomioarekin funtzionatzen dugu.
Eta, erne, “beste horiek” arrotzen poltsan sartzen ditugunean, bakoitzari bere etiketa ezarriz eta amaiezina den zerrenda osatuz. Demagun, potoloak, meharrak, betaurrekodunak, bere adinerako altuegia edo baxuegiak direnak, sudur edo belarri handiak, eskola kontuetan beste batzuk baino motelago edo azkarrago dabiltzanak, gurea baino larru azal ilunagokoa edo zuriagokoa dutenak, femeninotasun-maskulinotasun eredu zurrunetik ateratzen direnak (mari-mutiko edo maritxuak deituak), LGTBQIak edo hetereo-arauaren baitan kokatzen ez diren identitate guztiak, etab.  
Gehiago luza genezakeen zerrenda horri erreparatuz, nor ez da inoiz “bestea” sentitu? Modu batean edo bestean guztiok gara edo izan gaitezke besteak. Bakoitza den bezalako izateko aukera ematen duten inguruak eraiki beharko genituzke,  horrela inor ez litzateke “bestea” izango eta sentituko. Baina, momentuz espazio horiek ez ditugunez, babes-esparruak ezartzen ditugu; aniztasunaren errespetua, inklusioa eta berdintasuna bermatzeko.
Baina, zoritxarrez “beste” horien eskubideak bermatzeko eta errespetatzeko dauden babeslekuak zeharkatu egiten ditugu eta hesiaren beste aldekoak zokoratzen, arbuiatzen, patologizatzen, dominatzen, zapaltzen eta estereotipo mordoak leporatzen hasten gara.  Normaltasunaren bide zurrunetik atera diren horiei guztiei “bestearen etiketa” ezarri eta zakarki zigortzen ditugu. –Fobia atzizkia erabiltzen dugu zigor sozial guzti horietako batzuk izendatzeko. Zeren beldur gara? Azken finean, ulermen eta onarpen falta da arazoaren muina.  
Zenbait esparrutan politikoki diskurtso zuzena zein den badakigu, baina, beste zenbaitetan ez dugu gupidarik normaltasunaren kontrako bidetik doazenak baztertzeko, iraintzeko eta ikusezintasunean uzteko. Inertziak jota egiten ditugun ekintza horien atzean dauden arrazoiak ezbaian jartzea komeni zaigu, gure usteak hankaz gora jartzeko. Badugu zer egin, esaterako, maiatzaren 17aren harira, LGTBQI fobiaren kontrako egunaren bueltan.