Asmo berriak

SASOIA jubilatuen elkartea 2017ko mai. 19a, 10:43

kolaboratzaileak

Sakanan, adinekoendako, asmo berri eta garrantzitsu bat eratzen ari da. Zein dira bere helburuak?
Hirugarren adinekoek izan ditzaketen beharrei dagokien zerbitzuei buruz, ikerketa sakon bat egin nahi da: menpekotasuna (dependentzia), egunerako zentroa, babes-etxea, zahar-etxeak, jangelak…. Zerbitzu hauei buruz egon daitezkeen aukera ezberdinen funtsezko azterketa egiten ari dira. Sakanako biztanleek, etorkizuneko zahartzaroari begiratuta, gustuko izan ditzaketen zerbitzu ereduak aztertu. Eskualdean zerbitzu hauetarako zuzendu daitezkeen ondasun higiezinak aztertu. Hirugarren adinekoendako ezarri nahi diren zerbitzuek suposatzen duten gastuen bideragarritasuna ikertu.
Sakanako gizarte zerbitzuetako elkarteek finantzatuko dute proiektua: Etxarri Aranatz, Irurtzun eta Altsasu. Bestalde, ibarreko udalerri guztiek babesten duten proiektua da. Lanak aurrera doaz eta Sakanako erakunde hauen nahia, egin beharra bukatutakoan, Nafarroako Gobernuari aurkeztea da, proposatutakoa gauzatzeko ahaleginak egin ditzan.
Asmo hauek oso komenigarriak direla uste du SASOIAk. Adinekoen behar eta gabeziei aurre egiteko era zuzen eta egokiena da, eta aipatutako zerbitzuen beharrean ikusten ditugun, Sakanako hirugarren adinekoendako, eragin onuragarria izan dezaketelakoan gaude.Era berean, behar-beharrezkotzat jotzen dugu instituzioek, kolektiboek, elkarteek, jubilatuen elkarteek… har dezaketen konpromisoa, martxan dagoen proiektu hau, indartu, bultzatu eta gauzatzeko.