Helmugak

Mar Gonzalez Ruiz de Larramendi 2017ko mai. 19a, 10:53

kolaboratzaileak

Iruñetik Bartzelonarako bidean tren lasaiak igarotzen dira arratsaldean zehar. Ez dirudi heltzeko premiarik dutenik, eta geltoki hutsetan gelditzen dira noizbehinka, zerbaiten esperoan bezala. Berriz abiatzen diren bakoitzean egunak argi pixka bat galdu duela ikus daiteke leiho zikinetatik. Eta leiho hauetan, motelki, paisaia aldatzen doa, eta koloreak, eta zeru berdin desberdinen dentsitatea. Eguna galtzen den heinean ilunak trena irentsiko duela dirudi, baina ustekabean argiak pizten dira.

Iruñetik Bartzelonarako bidean ahots kexatiak entzuten dira arratsaldean zehar. Heltzeko premia daukatela dirudi, eta marmarka adierazten dute geltoki hutsetan gelditzen garen bakoitzean. Moteltasunak sumintzen ditu, eta denbora galtze astunak. Monitore txikian ikusi dezaketen pelikulak oso txarrak omen dira gainera, eta egunkariak azkarregi amaitzen zaizkie.

Emakumeak hiru egunkari eskatu omen ditu arratsaldean zehar, eta bi minututan irakurri dituenez, jada ez dauka zer egiterik. Gainera, trenean hotz bizia egiten duela dio. Senarra ados dago eta orain okupazioaz mintzo da: “ez dirudi arazo hori inoiz konponduko denik, legislazio zorrotzagoa ezartzen ez badute behintzat”. Oraindik ez dira trenaren triki-trakaz kexatu, paisaia begiratzearren leihoaren kontra ipintzen ez direlako agian

Nik ez dakit Bartzelonara heldu nahi dudan, edo zuhaitz gehiago dituen beste leku batera. Nahiago nuke agian beste nonbait azaltzea, nonbait bakartiago, ilunago. Gainera,  ez daukat presarik. Hemen tartean luze geratzen bagara, gera gaitezen. Ibilbidea atsegina da, eta helmugarik gabe abiatzearen sentimen erosoa gordetzen du oraindik. Hirian ez daukat labaintze leun hau hobetuko duen ezer esperoan. Atzeratu gaitezke leihoetatik begira, ilunabarrak irensten gaituela. Helmugak  paisaia ugari deuseztu ditu jada.

Argia zeharo galdu denean, emakumeak leihotik so egin du, baina paisaia joanda dago, eta bere aurpegi aspertua aurkitu du soilik. Ilusiorik gabeko hazpegiak zailak dira begiratzen. Eta arrazoirik gabe, larri piztu zaio hirira heltzeko beharra. Eta ez daki zertarako, baina iritsi nahi du.

Bartzelonara ailegatzean etxera abiatuko dira senar- emazteak, eta etxeko pertsianak irekitzeko esfortzurik egin gabe oheratuko dira. Lo egin baino lehen Bartzelona inbaditzen ari diren turistez hitz egingo dute:

“Tamalez egoera oso larria da, jasanezina. Bai, eta hiria beroegi dago, horrela ezingo dugu lorik egin. Gainera leihoak irekitzekotan, zarata. Hiri honetan ezin daiteke bizi. Hobeki egongo ginateke beste nonbait... Eta infernu honetarako bidean zeuden paisaiak, gainera, helmugak kendu dizkigu”.