Babesa espetxe atariraino

Guaixe 2017ko mai. 22a, 13:51

Espetxe ateraino joandako martxistek pankarta handia zabaldu zuten. Argazkia: www.topatu.info.

Kalera, kalera dinamikak antolatuta euskal preso politikoak dituzten eta Euskal Herritik urrutien dauden espetxeetara martxa egin zen larunbatean. Hiruna kartzela Espainian eta Frantzian. Deialdiarekin bat egin zuten sakandarrek Saint Maur espetxera joan ziren. Han preso dago Juan Kutx Maiza etxarriarra. Hiru autobus abiatu ziren Sakana eta Iruñetik. Gendarmeek espetxea inguratzea eragotzi zieten martxistei.

Espetxe inguruan egindako ekitaldian, Sortuko bozeramaileak presoak Euskal Herritik urruntzeko erabakiak 30 urte betetzear dela gogorarazi zuen. Urruntze horrek presoak “menperatzea eta ingurua zigortzea” helburu zuela gogorarazi zuen, nabarmenduz 16 hildako eragin dituela ere gogorarazi zioten. Sortuko eledunak esan zuen Euskal Herria “ziklo politiko berri baten atarian” dagoela, eta aurreko aroari akabera emateko presoak, iheslariak eta deportatuak Euskal Herriratzea beharrezkoa dela adierazi zuen. “Bizikidetza eta bake egoera eraikitzeko, presoen auzia konpondu behar da”.

Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren eztabaida prozesua ere aipatu zuen: “ondo dakizue ezker abertzaleak zuen iritzien eta eztabaiden ondorioak errespetatu eta babestuko dituela”. Ezker abertzaleak presoak bakarrik ez zituela utziko gaineratu zuen. Beharrezko jo zuen presoen, gizartearen eta erakundeen arteko elkarlana “egoera larri honi konponbidea emateko”.