Bazirudien Orica taldeak XXX. Emakumeen Bira lotua zuela, larunbatean Aralarko San Migelen emandako ikuskizunarekin, baina Cervelo taldeko Ashley Moolmanek sailkapen orokorrari sekulako astindua eman zion azken etapan, igandean Jaizkibelen erasoa jotzerakoan. Etapa irabazteaz gain, sailkapen orokorra lortu zuen Moolmanek. 13 segundo atera zizkion Oricako A. Van Vleuteni, 38 segundo Oricako Katrin Garfooti eta 50 segundo Lointek talde euskalduneko Eider Merinori.
Aipatzekoa da larunbateko etapak Etxarri Aranatz izan zuela abiapuntu eta Aralarko San Migel helmuga. Eguerditik mugimendu handia egon zen Etxarrin: taldeen eta txirrindularien aurkezpena egin zen, sinadura kontrola eta beste. Ordu bitan txirrindulariak irteera puntura gerturatu ziren. Etxarri Aranazko alkatea eta udal ordezkariak zeuden bertan, Sakanako emakume txirrindulariekin batera. Beraiek izan ziren irteerako zinta moztu zutenak.
Hasieran Lizarragabengoarantz jo zuten txirrindulariek, buelta hartu eta atzera ere Etxarri Aranaztik pasatzeko. Ondoren, Irurtzunera jo zuen tropelak, han buelta hartu eta Etxeberritik Zuarrarrate (2. maila) igotzeko. Larraunen buelta bat egin ondoren, Lekunberritik Aralarko San Migel igo zuten (1.maila). Orica taldeak sekulako erakustaldia eman zuen eta Oricaco Annemiek van Vleuten izan zen irabazlea, Bepink taldeko Noskovaren eta Cerveloko Moolmanen aurretik esprint estuan gailenduta. Oricako Katrin Garfoot eta van Vleuten zeuden aurrean sailkapen orokorrean. Baina, esandakoa, Cervelok egoerari buelta eman eta Ashley Moolmanek irabazi zuen Emakumeen Bira.