Javier Casteig Barandiaranek, Altsasu institutuko zuzendariak, eta Javier Ollo Martinezek, Altsasuko alkateak, lankidetza hitzarmena sinatu zuten atzo. Hala, hemendik aurrera institutuko DBHko 4. mailako ikasleek (15-16 urte) Gogoan proiektuaren barruan egindako 300 bat elkarrizketak bi erakundeen jabetza izanen dira. Historia ikasgaian ikasleek euren inguruko adinduei 1936ko estatu kolpearen ondorengoaz eta Francoren garaiko bizimoduaz egindako elkarrizketak dira.
Hitzartutakoaren arabera heldu den hilabete akaberarako bai Altsasuko baita Sakanako udal guztiek ere, sortutako material guztien inbentarioa jasoko dute. Materiala Altsasuko udaletxean gordeko da. Hori bai, Altsasuko Udalak jasotako material hori udal liburutegian edo jendaurreko beste toki batean jartzeko aukera izanen du, betirako edo aldi baterako. Beti ere, bi erakundeak ados jartzen badira. Hala egiten bada, udalak institutuko ikasleek egindako lana publikoki aitortu beharko duela dio hitzarmenak.
Azkenik, bi erakundeek adostu dute Altsasuko Udalak 2018tik aurrera beka deialdi bat eginen duela. Institutuan sortutako materialean oinarrituta eginen da ikerketa-lan hori eta behin bukatutakoan hura argitaratzeko aukera izanen da. Beka 700 eurokoa izanen da.
Adierazpenak
Ikasleek udaletxera egindako bisita batean jaso zuen Ollok Gogoan proiektuaren berri. Interesa azaldu eta Ander Leon irakasleak hitzarmena egiteko aukera aipatu zion. Udalaren historia-memoria batzordean aztertu ondoren egoki jo zen hitzarmena. Institutuko Geografia eta Historia Departamentuarekin harremanetan segituko dutela gaztigatu zuen alkateak, “esaterako beka deialdia egiteko”.
Casteigek proiektuarekin segitzeak duen garrantzia aipatu zuen. Garai jakin hartako pertsonak gero eta gutxiago direnez, eta asko elkarrizketatuta daudenez, beste garai batzuk aztertzeko eta historia jasotzea aukera izan litekeela gaineratu zuen.
Leonek esan zuenez, “binaka egiten dira elkarrizketak. Askotan bi ikasleetako baten gertukoa elkarrizketatu, bestea motibatu eta bigarren elkarrizketa egin izan dute”. Historia irakasleak gaineratu zuenez, “historia besteen iturrietatik ikasten dute, baina proiektuarekin historia jaso eta iturri bihurtzen dira ikasleak. Ikusten dute historia ez dagoela soilik liburuetan, kalean dagoela. Sakana zenaren errealitatea jaso dute”. Elkarrizketatuak ibarrean jaiotakoak eta beste erkidegoetan jaiotakoak dira. Haietako batzuk euskalkian hitz egiten dute. Beka deialdiarekin “artxibo bizia” izanen dela nabarmendu zuen Leonek.
Nafarroako Gobernuko Bake eta Bizikidetza Zuzendaritzako historia-memoria ataleko buru Josemi Gaston hitzarmenaren sinaduraren lekuko izan zen. Gastonek gogorarazi zuen egitasmoa Geronimo de Uztariz Institutuak antolatutako ahozko iturrien inguruko kongresu batean abiatu zela, 2005eko irailean. Alaitz, Lekaroz edota Iturrama institutuetan martxan dagoela azaldu zuen. Baina Lekarozen eta Altsasun egindako lanak nabarmendu zituen.
Gogoan proiektua bere departamentuaren bakearen eta elkarbizitzaren aldeko memoriadun eskolak egitasmoarekin bat egiten duela gaztigatu zuen. Euren asmoa halako esperientziak ikastetxe gehiagotan ezartzeko nahia da, horregatik, berriki prestakuntza saioak antolatu dituzte. Gastonek azaldu zuenez, “historia-memorian transmisioa gakoa da. Aurreneko aldia da halako hitzarmen baten bidez erakundetzen dena. Etorkizunerako proiekzioa ematen dio eta beste erakunde batzuei bidea zabaltzen die hitzarmen honek”.
Metodologia
Ikasleek, bikoteka, adineko pertsona bat elkarrizketatu behar zuten. Aurretik, galdetegia elkarrekin osatu eta, besteak beste, elkarrizketa eta txostena nola egin ikasten dute ikasleek. Frankismo garaiko sei gairen inguruko galdetegiarekin joaten dira. Ordu bat inguruko elkarrizketa horretan jaiotza-haurtzaroa (eskola), gazteria (bikote harremanak, ezkontza), eliza, moda, aisia eta kontsumoa, politika (gutxien jasotako atala) eta lana (ordaindua, ez ordaindua, emakumeena...) galdetzen diete. Elkarrizketa bideoan edo audioan jasotzen dute.
Jasotako informazioarekin ikasleek txostena osatu beharra dute. Han honakoak jasotzen dira: fitxa teknikoa, pertsonarena, elkarrizketaren transkripzioa, euskara batuko laburpena eta guztia jasotzen duen CDa edo memoria.