Herri galdeketak garagarrilaren 18an

Galdeketen galderak baditugu

Guaixe 2017ko mai. 26a, 08:57

Garagartzaroaren 18an ibarreko zazpi herrietan eginen diren galdeketetako galderak ezagutarazi ditu Gure Esku Dagok.

Etxarri Aranatzek 2014ko apirilaren 13an zabaldutako bidea beste batzuk ibiltzen hasi dira. Ordutik 142 herrietan egin dira estatus politikoari buruzko galdeketak. Eta garagarrilaren 18an Nafarroako beste 24 herri batuko dira, haietatik zazpi sakandarrak: Irurtzun, Lakuntza, Arbizu, Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordia.

Galderak

Irurtzun
1) Nahi al duzu Nafarroako herritarrok burujabeak izatea etorkizun politikoa erabakitzeko?
2) Nahi al duzu Euskal Herri burujabe bateko irurtzundarra izan?

Lakuntza
Nahi al duzu Nafarroako herritarrok burujabeak izatea etorkizun politikoa erabakitzeko?

Arbizu
Nahi duzu Nafarroak gainerako euskal lurraldeekin estatu bat eratzea?

Urdiain
1) Nahi al duzu herritarrok gure etorkizuna era librean erabakitzea?
2) Nahi al duzu Euskal Herri burujabe bateko urdindarra izan?

Altsasu
Nahi al duzu Nafarroako herritarrok burujabeak izatea etorkizun politikoa erabakitzeko?

Olatzagutia
Nahi al duzu Nafarroa burujabe bateko herritarra izan?

Ziordia
Nahi al duzu Euskal Herri burujabe bateko herritarra izan?


Adierazpena
Nafarroa galdeketen aldeko adierazpena publiko egin zuten larunbatean. Gure Esku Dagoren ekimena babesten duten 26 pertsonen adierazpena Izaskun Etxeberriak irakurri zuen: “gero eta argiago daukagu: herritarrok erabaki nahi dugu. Nola bizi nahi dugun erabaki nahi dugu, zein den gure estatus politikoa erabaki nahi dugu eta etorkizunaren jabe izan nahi dugu”. Gogorarazi zuen nafarrek Foru Hobekuntza “herritarrok ezin izan genuen zuzenean erabaki. Gaur egun horrelako egoera bat pentsaezina da. Guk geuk hartu dugu erabakiaren bidea irekitzeko ardura”.

Orain arte antolatutako herri galdeketa “guztiak herritarron ahalduntze prozesu eredugarriak, erabakitzeko nahiaren isla, eta demokraziaren ariketa argiak” izan direla azaldu dute Gure Esku Dagotik. Adierazpena babestu dutenek Nafarroan eginen diren herri galdeketa guztiei “sostengu osoa” azaldu diete. “Aukera ezin hobea izango da herritarren nahia adierazteko, erabakitzen hasteko. Elkarrekin etorkizuna eraikitzen lagunduko dutelakoan gaude. Beraz, animatu nahi ditugu herri hauetako herritarrok ariketa demokratiko hauetan parte har dezaten, gogoz eta ilusioz”.

Adierazpenaren babesle sakandarrak:
Anabel Arraiza, Gurutze Arregi, Jose Luis Arrizabalaga, Jorge Azanza, Alberto Barandiaran, Izaskun Etxeberria, Joseba Garmendia, Manu Gomez, Edurne Larraza, Hodei Mazkiaran, Garbiñe Petriati, Dora Salazar, Castillo Suarez, Enrique Zelaia eta Juakina Zubiria.

Deia, “bidea elkarrekin egiteko”
“Gure Esku Dago ekimenak sustatutako herri galdeketetan parte hartuz, erabakitzeko eskubideari buruzko herritarron ituna osatuz, garagartzaroaren 10eko Erabakitzeko prest mobilizazio parte hartzailean esku hartuz, edota norabide bereko bestelako ekimenetan nork bere alea jarriz.