Sakanako Pop-Rock lehiaketan saritutako Garabatos eta Alerta Gorria taldeei www.guaixe.eus web orriaren bidez elkarrizketa digitalak egin zaizkie azken bi astetan. Zaleek bidalitako galderei erantzun diete bi talde sarituek. Hirugarren talde saritu bat ere bada, Embajada. Haiek on-line elkarrizketan heldu den asteazkenean parte hartuko dute, 15:30etik aurrera. Nahi duenak bere galderak bidal ditzake.
Alerta Gorria
Asier Reparaz eta Ander Garcia izan ziren irakurleen galderei erantzun zietenak. Sakanako Pop-Lehiaketaz galdetuta esan zuten ibarreko taldeak “elkartzeko eta tarte on bat pasatzeko aukera izatea izugarria” iruditzen zaiela. Sakanako taldeei bultzada emateko aukeratzat jo dute. Taldeekin eta jende guztiarekin egin den “giro paregabea” nabarmendu dute. Lehiaketak segida izatea ere nahi lukete.
Arbizuko taldeak bi sari lortu zituen eta diskoa grabatzearen eta Hatortxu Rocken jotzearen artean aukeratu behar izan zuen. Azken hori aukeratu zuten, “duen helburuekin bat egiten dugulako eta bestetik Alerta Gorriaren oihartzuna handitzeko asmoz”. Jaialdian joz ametsa beteko dutela aitortu dute. Hala ere, zein kanta joko dituzten ez dute zehazturik.
Alerta Gorriko kideek jakinarazi zuten kantu berriak sortzen hasi direla, “sekulako indar eta gogoekin gaude”. Udazken akaberan ateratako diskoak izandako harrerarekin “oso pozik” daudela aitortu dute eta diskoaren ale guztiak saldu dituztela gaineratu dute. Urtean 30 bat kontzertu ematen ditu Arbizuko taldeak eta diskoak horiek lortzen lagundu zien.
Garabatos
Iñaki Gasco Claverrek eta Asier Palomino Cidek Sakanako Pop-Rock Lehiaketaz zera esan zuten: “oso ideia ona iruditu zitzaigun lehen momentutik eta aukera paregabea izan da Sakanako talde guztiak elkar ezagutzeko. Aurten lehenengo urtean izan den heinean, espero dugu, gehiago egiten bada talde desberdin eta gehiago animatzea”. Esperientzia “ezin hobea” izan zela nabarmendu dute, baita talde guztien maila altua ere.
Lehiaketan diskoa grabatzeko 40 orduko estudio egonaldia eskuratu zuten. Garabatoskoek jakinarazi zutenez, aurten diskoa grabatzeko asmoa zuten. Beraz, Lakuntzako saria primeran heldu zaie. Irailean sartu nahi lukete Altsasuko Del Reyno estudioan. Baina ordurako abesti gehiago sortzeko asmoa dute, grabatuko dituzten kanta guztiak haienak izanen baitira. Batzuk “kañeroagoak” izanen direla aurreratu dute.
Garabatoskoak txikitatik rock and rolletik edan dutela gaztigatu zuten elkarrizketan. Baita aitortu ere “rock and rolla, gaur egun, ez dagoela gazterian zabaldurik eta Sakanan gutxiago entzuten dela”. Taldeaz esan zuten kide bakoitzak musika gustu desberdinak dituela, “ baina elkarrekin eroso gaude eta azkar ulertzen gara”. Haiek sortutako bost kanta dituzte, guztiak ingelesez kantatuak, Irati abeslaria “ ingelesez abestean gusturago sentitzen” delako. Baina beste hizkuntzetan abestea ez dute baztertu. Haien helburua argi dute: “elkartzen garen aldiro egiten dugunarekin disfrutatzea eta denok eroso sentitzea da”.