Pamiela argitaletxeak 39 idazle nafar liburua aurkeztu du gaur. Liburua euskarazko nafar narratiba ezagutarazteko asmoaren emaitza da. Argitaletxeko Jose Angel Irigaraik azaldu duenez, “Nafarroa Garaiko zein Behereko 40 idazle baino gehiagori, parte hartzeko gonbita luzatu zitzaien. Erantzuna ia erabatekoa izan zen, oso baikorra”. Erantzuna eman zutenen artean daude Jose Luis Asensio, Izaskun Etxeberria eta Juankar Mugartza.
Emaitza 39 nafar idazleren narrazioekin osatutako lagin zabal eta joria da. “Idazle batzuk ezagunak dira, beste zenbait, gehienendako behintzat, ez hainbeste. Denen artean literaturaz gozatzeko parada eskaintzen dute, ugaritasun eta aniztasunean, gai, idazketa, estilo, genero, maila… aldetik”, azaldu du Irigaraik. Gaineratu duenez, “pozgarria da literatur-bidea oparo jorratu eta jorratzen ari direnen ondoan, etorkizun joria iragartzen duen idazle saila izatea. Euskal letrek Nafarroan duten bizitasunaren isla; berau ikusaraztea zen erronka, ezinago premiazkoa”.